Osasun tratamendu bati uko egin ahal izango diote hiltzeko zorian dauden nafarrek, horrek heriotza eragiteko arriskua sortuko balie ere. Nafarroako Parlamentuak atzo onartu zuen heriotza duinaren aldeko legea, eta han jasotzen dute aukera hori. Aho batez egin du aurrera egitasmoak. Horren arabera, azken nahien agiria historia klinikoan txertatuta izan dezakete Nafarroako herritarrek, medikuek behar dutenero izan dezaten haren berri. Haiek arduratuko dira gaixoek erabakia askatasunez eta behar bezalako informazioa jasota hartzeaz.
NaBaik aurkeztu zuen egitasmoa, eta talde guztiak batu zaizkio. Baita UPN ere, nahiz eta proposamena aurkeztu zutenean aurka egin zuen. Jarrera aldaketa zuritu du Javier Markotegi parlamentariak; haren arabera, «arrakalak» itxi dizkiote legeari: «Ez da eutanasia lege bat; bizitzaren azkenean dauden pertsonen mina arintzea baino ez du xede».
Erabat gaixotu aurretik, herritarrek aukera izango dute ordezkari gisako bat izendatzeko; hark erabakiko du, gaixoak ezin badu, tratamendu bati uko egin edo ez. Gainera, lehen arretako zentroetan batzorde etiko bat sortuko dute, zalantza kasuetan erabakitzeko; gaur egun, ospitaleetan soilik daude horrelakoak.
Zaintza aringarriak jasotzeko eskubidea bermatzen du parlamentuak onartutako legeak. Zaintzak «osoa» izan behar duela dio, eta familiaren laguntza kontuan hartu du. Nolanahi ere, eutanasiarekin zerikusia duten gaiak arautzea baztertu egin dute.
Hiltzear dauden nafarrek muzin egin ahal izango diote osasun tratamendu bati
Heriotza duina izateko legeak aho batez egin du aurrera parlamentuan; osasun historian izango dute azken nahien agiria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu