Zezenak kendu, eta zaldiak jarri. Kalapita eragin du Iruñeko Udalak sanferminen ordez antolatutako egitarauak; batez ere, irailaren 2tik 12ra bitartean egitekoa den hipika txapelketak. Jarduera hori «inposizioan oinarritutako jai eredu elitista» baten ikur dela salatu du Hipikarik Ez plataforma sortu berriak, eta gogor kritikatu dute Navarra Sumak diru publikoak «era ilunean» kudeatu izana. Protesta ekintzak iragarri dituzte datorren asterako.
Plataformako kide Idoia Azkonaren esanetan, hipika txapelketa batek «gutxi du ikusteko Iruñerriko herri mugimenduak nahi duen hiri eta kultura ereduarekin». Kontrara, historikoki, «elite ekonomikoen kirola» izan dela nabarmendu du: «Iruñean ez dugu behar goi klaseei protagonismo eta espazio publiko gehiago eskainiko dien ekimenik».
Horrez gain, animalien erabilera ere kritikatu du Hipikarik Ez taldeak: «Ikuskizunetan animaliak erabiltzeak ez dio eredu askatzaile bati erantzuten. Zaldiak jaio dira askatasunean korrika egiteko, ez inoren menpe egoteko».
Hipikaren oinarriez gain, baina, egitasmoa kudeatzeko modua ere txarretsi dute plataformako ordezkariek. Diru publikoak erabiltzeko modua «kezkagarria» dela uste du Azkonak: «Badirudi haien interes politiko eta ekonomikoei zuzenduta dagoela. 35.000 euro bideratuko dituztela dirudi, baina aurrekontua 200.000 eurokoa da. Ez dakigu egitasmoa nola finantzatuko den, ezta zein interes pribaturi erantzuten dion ere». Are: susmo txarra hartzen diote txapelketaren antolatzaileek «UPNko zenbait kiderekin duten loturari», eta ez dute ulertzen «zer lotura duen hipikak Iruñerekin eta zer interes dagoen hiriaren erdigunean halako txapelketa bat egiteko».
Horrengatik guztiarengatik protesta egitera deitu du Hipikarik Ez taldeak. Irailaren 1ean eginen dute, txapelketaren bezperan, Ziudadela parkean. 19:00etan elkartuko dira, eta, ordu erdiko protestaren ostean, bizikleta martxa eginen dute parkearen inguruan.