Etxe kaleratzeak

Hipoteka lege berria onartu du Madrilgo Kongresuak

Herri ekimen legegilea kendu dute etxe kaleratzeen aurkako taldeek, "nortasungabetu" dutelako

urtzi urkizu
2013ko apirilaren 18a
17:45
Entzun

PPren aldeko botoekin, hipoteka lege berria onartu du Madrilgo Kongresuko Ekonomia Batzordeak. Lege horrekin, PPk iragarri du hipotekak dituztenak babestuko dituztela. Etxe kaleratzeen aurka eta gizarte alokairuaren aldeko neurriak ere jasotzen ditu lege berriak. Oposizioko alderdiek batzordean dituzten ordezkariek, aldiz, salatu dute etxe kaleratzeak geldiarazteko lege berria ez dela nahikoa.

Hipotekak Eragindakoen Plataformako hainbat kidek elkarretaratzea egin dute kongresuaren atarian. Minutu bateko isiltasun protesta ere egin dute, lege berria onartu dela jakin dutenean. Hipotekak Eragindako Plataformak eta beste talde batzuek herri ekimen legegile bat aurkeztu zuten, etxea ordainetan ematea eskatu eta etxe kaleratzeak geldiarazteko. Gaur, ordea, ekimena kentzea erabaki dute, "nortasungabetu" dutelako. "Onartezina iruditzen zaigu PPren gobernuak gehiengo absolutua erabiltzea lege proiektu berria onartzeko. Ez du gure herri ekimen legegilearekin zerikusirik", esan du Hipotekak Eragindakoen Plataformako bozeramaile Ada Colauk.

Zuzenbide alorreko 500 legelarik, bestalde, etxe kaleratzeen inguruko agiri bat sinatu dute. Bertan bat egin dute etxe kaleratzeen aurkako taldeen eskaerekin. "Gizartearen drama bat da etxe kaleratzeena. Legeak aldatu behar dira egoera aldatzeko", eskatu dute agirian.

Bilboko auzitegiko 11 epailek hipotekak betearazteko prozedura bertan behera uzteko erabaki dute. Ezker Anitzak erabakia txalotu du, eta epaitegi guztietan gauza bera egin dezatela eskatu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.