Hego Euskal Herrian 9.000 familiak baino gehiagok galdu dute etxea krisia hasi zenetik, EH Bildu koalizioaren esanetan. «Mozkin handiak izan arren laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten bankuek kale gorrian uzten dituzte hipotekari aurre egin ezinean dabiltzan herritarrak». Krisi ekonomikoaren «ondorio lazgarrienetako» bat da hipoteka ordaindu ezin dutenei etxeak desjabetzea, EH Bilduren ustez. Horregatik, hipoteken exekuzioak bertan behera uzteko eskatu die koalizioak bankuei, eta hipotekak ordaindu ezin dituztenei pagatzeko epeak luzatzeko.
Etxe desjabetzeei buruzko proposamen sorta aurkeztu zuten, atzo, EH Bilduko Marije Fullaondok eta Amaia Agirresarobek. Koalizioko kideek uste dute administrazio publikoak bere gain hartuko beharko lukeela hipoteka ordaindu ezin duten pertsonen etxeen jabetza. Etxearen erabilera, berriz, alokairu sozial baten bidez ordaindu beharko lukete egoera horretan egongo liratekeen herritarrek —beren irabaz ahalmenaren %15 baino merkeago izan beharko luke alokairu sozial horrek, koalizioaren esanetan—.
Horrez gain, EH Bilduko ordezkariekerantsi dute familiek hala eskatuko balute hipotekaren ordainketa atzeratu egin beharko litzatekeela. Eskakizun hori egin ahal izango lukete hipoteka ordaintzeko ezintasun «objektiboa» izango luketenek. Neurriak behin-behinekoak lirateke, eta eskatzailea berriz hipotekaren kargu egiteko gai izango litzatekeen momentuan hasiko litzateke, berriro, bankuari zorra pagatzen.
«Arduragaberiak» ikertu nahi
EH Bilduk ikertu beharrekotzat jo du hipotekak «arduragabekeriaz» eman ote diren. Hipotekak arinkeriaz eman dituztela frogatuko balitz, administrazio publikoek bankuei kontuak eskatzeko eskumenak eta moduak izan beharko lituzkete, koaliziokideek adierazi dutenez.
EAJk, PSE-EEk eta PPk arazo horri erantzuteko ez dutela ezer egin uste du EH Bilduk: «Ostrukarena egin dute». Alderdi horiek, herritarren alboan jarri beharrean, bankuen aldean jarri direla salatu du. Gainera, salatu du bankuen «erantzukizun etikoa zuritzeko» tresnak direla Kutxabanken Etxelan zerbitzua eta Eusko Jaurlaritzak abian jarri duen bitartekaritza zerbitzua.
Hipoteken exekuzioak uzteko eskatu du EH Bilduk
Etxebizitzen hipotekak pagatu ezin dituztenei ordainketa epe baterako etetea proposatu dute koalizioko kideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu