Departamenduetako bozak. Elkarrizketa. Jean-Jacques Lasserre. Zentro-eskuineko hautagaia

«Hiri edo hirigune elkargoaren eztabaida trabatu nezakeen»

Departamenduetako lehen itzulian irabaz zezakeen, baina oraindik kanpaina egitea egokitu zaio Lasserre zentristari. Hiri elkargoaren gaia ere «bururaino» eramanen duela hitzeman du: «Beti erraztu dut».

ISABELLE MIQUELESTORENA.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Presa izanen balu bezala mintzo da, galderak bukatu aitzin erantzunez: «Hamabost minutuz egina izanen da elkarrizketa, ezta?». Hauteskundeak aitzinetik irabaziak ez direla erran arren, berriro Pirinio Atlantikoetako presidentea izan nahi du Jean Jacques Lasserrek (1944, Bidaxune, Baxenabarre). Anne-Marie Brutherekin batera lehen indar gisa kokatu da bozen lehen itzulian Bidaxune aldea-Amikuze-Oztibarreko kantonamenduan, %47,5 lortuta. Gibeletik ditu Xabi Larralde eta Anita Lopepe EH Baiko hautagaiak, bozen %20,8rekin. Hautetsien Kontseiluko lehendakaria ere bada, baina irabaziz gero, utzi eginen luke kargua. Departamendutik Euskal Herriaren alde egiten «segituko» duela dio.

Zein balorazio egiten duzu bozen lehen itzuliaz?

Lehen itzuli ona egin dugu. Parte hartzea aurreikusi baino pixka bat handiagoa izan da...

Hemen %48,6ko abstentzioa.

Baina %40ko parte hartzea izanen zela erraten zuten. Aurreikuspenez ari naiz, ez aitzineko kantonamenduetako bozez. Aurreikuspen nazionalak baino pixka bat handiagoa izan da parte hartzea, eta gure taldeek emaitza onak lortu dituzte departamenduan. Gutariko anitz egoera onean dira igandean irabazteko. Angelun, emaitza bikaina; Baionan, pentsa daiteke bi kantonamendutan irabaziko dugula; Euskal Herri barnealdean, Donibane Lohizunen, Kanbon eta Hazparnen gure lagunek irabaziko dute; Uztaritzen aukera onak ditugu; eta Mendialdean eta Amikuze-Iholdin egoera onetan gaude.

Ez zenuten espero zure kantonamenduan lehen itzulia pasatzea?

Bistan da, nahiago izanen nuke, baina ez. Ez nuen espero, hauteskunde horiek ez baitute zerikusirik garai bateko kantonamenduetakoekin. Lehen bazen hautagai bat biziki identifikatua kantonamendu bakoitzari; orain perimetroa erabat aldatu da, eskaintza politikoa ezberdina da... Gurean, Fronte Nazionalaren agertzeak ere aldatu du jokoa. Alderdi sozialistaren posizioa ere ahuldu da, eta EH Bai indartu.

Bigarren itzulian parean izanen duzue EH Bai. Espero zenuen?

Pentsatzen nuen hurbil izanen zela. Nire lehengo kantonamenduan EH Bai ez da biziki presente, eta banekien sozialistek irabaziko zietela. Ezberdinak gara herri horietan: Euskal Herriaren ertzak dira. Baina barnealdean, azkenaldian EH Bai existitzen da paisaian. Sorpresa, dena den, FN izan da, gure kantonamenduan bozen %11 dituena, eta herri batzuetan %20. Ez genuen hein horretan aurreikusten. Baina laburbilduz, gu pozik gaude, eta hitz egin dut sozialisten hondoratzeaz: hori horrelaxe idatz dezakezu.

Eta bigarren itzulian, zer?

Hauteskundeak ez dira nehoiz aitzinetik irabaziak, eta, beraz, kanpaina eginen dugu, bistan dena. Batasun estrategia bururaino eramanen dugu, eta saiatuko gara kanpainako gaiak azaltzen, lehen itzulirako egin genuen bezala: nola kudeatuko dugun departamendua. Iruditzen zait horri buruz ez dela aski hitz egiten. Alderdi Sozialista ez dago oso harro bere balantzeaz, guk anitz hitz egiten dugu, eta EH Bai pixka bat berria da debate horretan. Guk segitzen dugu azaltzen zer egin nahi dugun departamenduko eskumenekin: arlo sozialean, kolegioetan, lurraldearen antolaketan... Norabide biziki zehatzak finkatu ditugu. Azal ditzaket, nahi baduzu.

Nahi duzun bezala...

Bai. Biziki atxikia natzaio egin nahi duguna azaltzeari. Bistan da, gehiengoa izanen genukeen hipotesian. Hipotesi bat baita.

Baina espero duzu, ez?

Bai, bai, baina... Ni laboraria naiz, eta kontent naiz belarra sabaian delarik eta artoa eta garia bilduak. Ez da sekula harrokeriaz edo handikeriaz bekatu egin behar.

Gizarte arloaz... Gure lagun sozialistek diotenaren aurka, lan anitz egin dugu. Jakin ezazu gehiengo sozialistak inauguratu dituen adineko pertsonentzako etxe guziak guk programatuak zirela. Eskumen hori abantaila ekonomiko bihurtu nahi dugu eskualdearentzat. Arduratu nahi dugu lurraldera etortzen diren adineko guziez. Eta asko datoz, Euskal Herria ederra baita.

Zein posizio hartuko duzue Errobi-Aturrin?

Ez duzu Sud Ouest irakurri?

Bai, baina azaltzen badidazu...

Bai, noski: alde batetik, ez dut Fronte Nazionala bozkatzera dei eginen. Bestetik, Alain Iriartekin lan egiteko ohitura egokia dut. Horrekin dena errana da.

Hautatua baldin bazara, presidentea izanen zara?

Hain segur, bai.

Ez zenioke utziko lekua zure bikoteari, Anne-Marie Brutheri?

Presidentetzarako?

Bai. Hautagaiak bikoteka aurkeztu zarete. Pentsa zitekeen emazte bat izatea presidente.

Goiz ala berant hitz eginen da ene ordezkapenaz. Baina mementoko galdera ez da egina. Biok izanen gara kontseilariak, eta noizbait galdera eginen dute.

Eta EH Baik irabaziko balu?

EH Baik lehen itzuli polita egin du, baina gero, hautetsontzien sekretua da. Ezin dut pronostikorik egin: geure burua faboritotzat hartzen dugunean lana gaizki egiten hasten gara. Eta lana ongi egin behar da, hautesleekiko errespetuz.

Hautetsien Kontseiluko lehendakaria ere bazara. Kontseilu Nagusiko presidente karguahartzen baduzu...

Ezinen naiz presidente izan bietan. Garai batean ere Hautetsien Kontseiluko lehendakari nintzen, eta Kontseilu Nagusiko presidente bihurtu nintzenean ordezkatu ninduten. Aldiz, saiatuko naiz egiten beti egin dudana Kontseilu Nagusiko presidente nintzelarik ere: beti erraztu izan dut Hautetsien Kontseiluaren lana.

Eta hiri edo hirigune elkargoari buruz zer eginen duzu Pauetik?

Orain arte ahal nuen guzia egin dut eztabaida hori existitu dadin. Trabatu nezakeen (espero dut grabatzen ari zarela eta idatziko duzula). Eztabaida biziki konplikatua denez, baldintza onetan egitea nahi nuen, eta bereziki, hautetsiek argi izatea. Prefetak eztabaidatu baino lehen egin nahi zien galdera. Baina sobera seriosa da afera, eta hiru gai daude oraindik argitzeko: gobernantza, lurraldearen oreka eta eskumenak.

Departamenduak eskumen batzuk galdu beharko lituzke?

Eztabaida bultzatuko dut departamenduan.

Zertan da eztabaida gaur egun?

Itxoiten dut buka dadin.

Senataria ere bazara. Proposamenik egin duzu erreformaz?

Galdera egin dut 2010eko legearen konstituzionaltasunaz. Horrek arautzen baitu herri elkargoen gobernantza.

Noiz hasiko da berriro eztabaida Senatuan?

Ekainean behar luke. Hiri elkargoaren sortzeaz, bururaino joanen naiz. Baina ez dut nahi presaren menpe utzi, prefetak edo beren burua barkatu nahi duten zenbait hautetsik nahiko luketen bezala. Lurralde elkargoari ezetz erran izana barkatzea nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.