Hilaren 24an jaitsiko da Olentzero menditik, ohi duen moduan, Euskal Herriko auzo, herri eta hiriburuetara opariak banatzera:
Baiona (bihar)
Baionara, bestalde, itsasontziz helduko da Olentzero, larunbatean, eta Xaho Pelletier kaian harrera beroa eginen diote herritarrek. 15:30 inguruan iristea espero dute, eta, ondoren, kaleetan barna ibilbidea eginen du. Ibilbidean, hainbat musikari izango ditu bidelagun Olentzerok: Orai Bat elkarteko joaldunak eta txistulariak, Baionako dultzaineroak eta Erro Bat elkarteko danborradak lagunduko diote desfilean. Ibilbidean doazela, Gabonetako kantuak ere abestuko dituzte hainbat kantu taldek. Ikastolako haurrekin batera, Errobi Kanta, Erro Bat, Kanta Bi, Bietan eta Lauhaizetarat taldeak arituko dira giroa kantuekin berotzen. Herriko etxean amaituko du ibilbidea, eta hango balkoira igoko da, ondoren Olentzero, handik berriz ere kantuan aritzeko.
Bestalde, Seaska ikastolak antolatutako Olentzero Park izango da Baionako Lauga aretoan, igandean eta astelehenean, hilaren 29an eta 30ean. Hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izango dute haurrek. Elastikozko tranpolina, puzgarri erraldoiak, lantegiak, herri kirolak eta abereen erakusketa izango dira, besteak beste. Pailazoen ikuskizuna ere izango da igandean, 18:00etan. Astelehenean, berriz, astoarekin ibilaldiak egiteko aukera izango dute bertaratzen diren haurrek. Parkea 14:00etatik 19:00etara izango da zabalik, eta gurasoek sarrera doan izango dute.
Iruñea (bihar eta asteartean)
Ikazkina etorriko da aurten ere Nafarroako hiriburura opariz betetako hainbat gurdirekin. Aurtengo berrikuntza nagusia larunbatean Recoletas plazan egingo den haren ongietorri jaia izango da: Olentzero Badator. Iruñeko Olentzeroren Lagunak elkarteak egingo du, Alde Zaharreko Baratxurien plazan. Goizeko hamaiketatik eta arratsaldeko ordubiak arte garai bateko gurdien erakusketa jarriko dute Baratxurien plazan. Nekazaritzarako erabiltzen ziren bost gurdi zaharberrituk osatuko dute erakusketa. Animaliak ere aterako dituzte plazara: astoak, axuriak, oiloak eta ahateak. Baina zer da jaia musika eta jatekorik gabe. Pablo Sarasate Kontserbatorioko haize instrumentuen taldeak joko du, eta talde ezberdinetako dantzari txikiak dantzatuko dira. Eguerdiko ekitaldia bukatzeko, txistorra eta edatekoa banatuko da. Arratsaldean ere segida izanen du festak; bostetatik zortziak arte erakusketa zabalik izanen da, eta ordu bat geroago Atxa jaunak rock taldeak kontzertua egingo du. Jaia bukatzeko, txistorra, hirugiharra eta txokolatea banatuko dira.
Olentzero 24an helduko da, ordea, Iruñera, eta hainbat kaletatik pasako da. Urtero bezala, desfilea Iturralde eta Suit kaleko Arte eta Lanbideen eskolan hasi (18:00) eta bukatuko da, II. Zabalguneko eta Alde Zaharreko kaleetatik barrena ibili eta gero. Desfile jendetsua izango da Iruñekoa, berrehun lagunek baino gehiagok parte hartuko baitute. Olentzeroren atzetik joango dira txistulariak, gaiteroak, fanfarreak, dantzariak eta zenbait abesbatza. Horiez gain, etxeko txikienek animaliekin gozatzeko aukera ere izango dute, animaliak ere ateratzen baitira ikazkinari laguntzen. Leitzatik ekarritako ehun abere izango dira zehazki; idiak, ardiak, oiloak, antzarak, basurdeak eta euskal zerriak. Desfilea Agur Jaunak kantatuz amaituko da, Zubietako joaldunen adar eta joaldunen hotsek lagunduta. Antolatzaileek ikusleei baserritarrez jantzita joatera dei egin diete.
Bilbo (asteartean)
Astelehen iluntzean iritsiko da Olentzero Bilbora, eta kalejira izango da hiriko kaleetan. Asteartean jasoko ditu ikazkinak haurren gutunak, 11:00etatik 14:00etara, Arriaga antzokian. Txanda hartu ahal izateko, 10:00etan hasiko dira sarrerak banatzen, eta lagun bakoitzak hiru hartu ahal izango ditu. 1.500 sarrera egongo dira guztira. Goiz osoan hainbat tailer egongo dira Arriagaren kanpoaldean haurrak jolastu daitezen.
Donostia (asteartean)
Olentzero eta Mari Domingi asteartean helduko dira menditik Donostiako Zuloaga plazara, 15:30ean. Ongietorria egin ondoren, kalejira egingo dute udaletxeraino. 16:00etatik 17:30era eskutitzak jasoko dituzte Udalbatzan, eta gutuna oraindik idatzi ez dutenek udaletxeko terrazan izango dute aukera; margoak egongo dira eskutitza marrazteko, gaztainak, dantzak eta zapi eta abarken tailerrak izango dira, besteak beste. 18:00etan hasiko da desfilea: Bulebarra, Hernani kalea, Loiola kalea, San Martzial, Getaria kalea, Askatasunaren Hiribidea, Txurruka kalea, Gipuzkoa plaza eta Elkano kalea pasata, Alderdi Ederrera iritsiko dira, 19:00etan. Desfile jendetsua izango da: 600 lagunek parte hartuko dute, eta animaliak ere egongo dira.
Gasteiz (asteartean)
Arabako hiriburuan ere ez du huts egingo ikazkinaren bisitak. Goiuri jauregian haurrek Olentzerori gutuna uzteko aukera izango dute 24a baino lehen, eta azken unera arte idatzi gabe dutenek, asteartean udaletxean izango dute aukera 11:00etatik 14:00etara; han egongo da Olentzero umeak agurtu eta eskutitzak jasotzen. Ikazkinaren desfilea arratsaldean izango da, 18:00etan. Iparraldeko gizarte etxetik abiatuko da, eta Legutioko atea, Frantzia kalea, Bake kalea eta Olagibel kalea gurutzatu ondotik, Espainia plazan amaituko da. Desfile koloretsua izango da, inondik inora: Folklore akademiak, Arabako Dantzarien Biltzarrak, Olabide ikastolak eta Indarrak parte hartuko dute, besteak beste. 19:00etan amaituko da desfilea, Olentzerok udaletxeko balkoi nagusitik haurrak agurtu eta abestia kantatuta.