Hirigune elkargo bakarra

Hirigune elkargo bakarra bertan behera uzteko eskaera baztertu du Paueko auzitegiak

Auzitegiak erabaki du prozedura legez egin dela eta ez dagoela presarik berehala bertan behera uzteko erabakia hartzeko. Helegiteak geroago aztertuko dituzte, eta luze jo lezake auziak.

Hirigune Elkargoaren kontrakoak Paueko Administrazio Auzitegian, pasa den astean. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI
Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko urriaren 3a
07:32
Entzun

Paueko Administrazio Auzitegiak oniritzia eman dio oraingoz Hirigune elkargo bakarra sortzeari. Horren sorreraren kontrako helegiteen inguruan ebatzi du orain arteko prozedura legezkoa izan dela, eta ez dagoela arrazoirik kautelazko neurri gisara bertan behera uzteko, elkargo bakarraren kontrakoek eskatu zuten moduan. Hala ere, helegiteen mamia aurrerago aztertuko du, eta luze jo dezake. Aurten erabaki dute Ipar Euskal Herriko herriko etxeek bidea ematen lehen aldiz lurralde osoa aintzat hartuko duen egitura sortzeko.

Ikasturte hasieran, ordea, elkargoa sortzeko Pirinio Atlantikoetako prefetak hartutako erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu zuten elkargoaren kontrako auzapezek. Uda honetan osatu duten elkartearen izenean jarri zuten helegitea, baita Barthelemy Agerre Lukuzeko (Nafarroa Beherea) auzapezaren izenean ere. Helegitearekin batera, berehalako epai eskaera ere egin zuten, helegitea aztertu bitartean elkargoa sortzeko prozesua bertan behera gelditu dadin. Ordea, Paueko Administrazio Auzitegiak ez du horretarako arrazoirik ikusi.

Joan den astean iragan zen auzia Paueko Administrazio Auzitegian. Yves Claisse kontrakoen abokatuak egitura "neurrigabea" salatu zuen, "munstro administratibo" baten sorrera deitoratuta. Catherine Seguin Baionako suprefetak prozedura guzia legearen barruan egin dela argudiatu zuen, eta Jean Rene Etxegarai Hautetsien Kontseiluko presidenteak 1992tik hona Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioaren alde egindako lana goraipatu zuen, gizartearen gehiengo baten eskaerari erantzuten diola azalduta. Bi parteen dosierrak aztertu ondotik, gaur arratsaldean emanen du erabakiaren berri administrazio auzitegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.