Euskara

Hiriguneetako gazteek euskararekin duten harremana aztertzeko jardunaldiak egingo dituzte

Ezagutzaz gain, euskararen erabileran eragiteko mekanismoez jardungo dute

Igo Bolumena! jardunaldiaren aurkezpena. OSKAR MATXIN / FOKU
Javi West Larrañaga.
2021eko urriaren 29a
15:14
Entzun

Goizean aurkeztu dute Igo bolumena! lelopean egingo den jardunaldia, Barakaldon. Abenduaren 2an egingo dute, eta hiriguneetako gazteen euskara eta euskal kulturarekiko lotura izango dute hizpide. «Euskararen periferian» bizi diren gazteen errealitatea. Ahize-AEK-k antolatu du jardunaldia, eta Barakaldoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du.

AEK-ko Alizia Iribarrenek azaldu du jardunaldien «ernamuina» euskararen erabilera izango dela. Haren hitzetan, «gero eta ageriago dago» euskararen erabilera ez dela handitu ezagutza bezainbeste. Izan ere, Bilbo Handian 1986an 5etik 24ra bitarteko gazte euskaldunen kopurua %10 izatetik %76 izatera igaro bazen ere, 2011tik 2016ra erdira jaitsi zen gazteen kaleko erabilera Bizkaiko hiriburuan. «Benetan arduratzeko» datuak dira Naroa Jauregizuriarentzat. Hark zuzendu du proiektuaren oinarri den ikerketa. Bilbo Handiko hainbat ikastetxetan egin zuten lehen fasea, bertako ikasleek euskararekin eta euskal kulturarekin daukaten harremana aztertzeko. Barakaldon ari dira orain, zeregin berarekin.

Euskararen erabilerari buruz hainbat ikerketa egin direla adierazi du Jauregizuriak, baina honek ekarpen bi egiten dituela bere ustetan. Batetik, hirigunean kokatu dutela, Bilbo Handian, «euskararen munduaren ertzetan». Bestetik, gazteei zuzenean galdetu dietela haien errealitatea ulertzeko eta haien ikuspegiaz jakiteko.

Ikerketan, ondorioztatu dute ikasleek umetan eraikitzen dutela lotura euskararekiko, baina nagusitu ahala erreferenteak galtzen dituztela. Orokorrean, hiriguneetako gazteek euskararekin duten lotura bakarra hezkuntza formala eta jai eremua dela jakin dute.

Barakaldo eredu

Barakaldoren hautaketa ez da ausazkoa izan. «Eredutzat» daukatela esan du Jauregizuriak, hiri handia izanik euskaldun kopuru nabarmena daukalako, eta gazteen ingurua euskalduna delako. Inguru horri, euskal munduari, gazte askok «ertzetatik» begiratzen diotela azaldu du. «Urrun ikusten» eta «baxu entzuten» dutela. Euskarari «bolumena igotzeko beharra» azpimarratu du. Hortik datorkio leloa jardunaldiari. «Euskarak aurrera egingo badu, asmatu behar dugu zelan eragin euskaldun asko dituzten hirietan », erantsi du Jauregizuriak. Euskal Herrian Barakaldorekin aurreiritzi asko izan dituztela gogorarazi du ikertzaileak, eta «landa eremuaz kanpoko erreferente euskaldunak» sortzeko premia aldarrikatu du.

Eraldaketa sakon bat egiteko, «sarean» lan egin behar dela azpimarratu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak: «Hezkuntza munduak bakarrik ezin du, nahiz eta lege berriak egin, metodologiak aldatu eta ahozkotasuna landu». Zeregina hezkuntzari, erakundeei eta kultur eta gizarte eragileei dagokiela adierazi du. Dobaranen arabera, etorkizunean, proiektuak aukera izango du antzeko egoera soziolinguistikoa duten eremuetara salto egiteko. Horretarako «euskara eta euskal kultura zabaltzeko mekanismo eraginkorrenak» identifikatu behar direla gogorarazi du.

Jardunaldietan «ertz ugari» landuko direla esan dute antolatzaileek. EHUko eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileez gain gazte sortzaileak ere izango dira bertan: Iholdi Beristain eta Sara Nieto abeslari eta aktoreak, eta Chill Mafiako Beñat Rodrigo, Kiliki Frexko, musikaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.