Hiriko auziaren inguruko agiriaren zati bat publiko egin du Arabako Fiskaltzak, zurrumurruak isilarazteko asmoz. Argitara ateratako hamasei orrialde horietan jasotzen dira, besteak beste, akusatutako sei enpresarien izenak: Jesus Etxabe, Fernando Atxaerandio, Francisco Javier Calera, Iñigo Antia, Jose Luis Bengoetxea eta Jose Barreira. Horiekin batera auzipetu dute Afypaid elkartea ere.
Guztiei egozten diete diru publikoa bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea, Administrazioari iruzur egitea, diru laguntzak lortzeko iruzurra egitea eta kapitala bidegabe eskuratu eta zuritzea.
"Akusatuek ez zuten inolako esperientziarik, ez ezagutzarik edota azpiegiturarik autoak diseinatu eta egiteko. Baina Hiriko proiektua asmatu zuten ibilgailu elektriko bat egiteko aitzakian diru laguntza publikoak eskuratu eta haiek euren mesedetan erabiltzeko". Josu Izagirre fiskalak azaldu duenez, helburu horrekin sortu zuten elkarte egitura bat, gerora beharren arabera moldatu zutena.
Proiektua ia erabat diru publikoarekin finantzatuta zegoenez, hark porrot egin izan balu administrazioak ezin izango zukeen dirua berreskuratu.
Hiriko proiektua Euskal Herriko enpresa talde batek eta MIT Massachussets Institute of Technologyk abiatu zuten. Hiri barruetan ibiltzeko auto elektriko txikiak sortu nahi zituzten. Diru laguntzak jaso zituen egitasmoak —Espainiako Gobernuak 15 milioi euro eman zizkion, eta Jaurlaritzak, 2,7 milioi euro—. 2013an sortu behar zituzten lehen ibilgailuak, baina 2013ko maiatzean proiektua bertan behera utziko zutela iragarri zuten, finantzabiderik ez zutelako aurkitu produkzioari ekiteko.