Foruzainek AHT abiadura handiko trenaren aurkako hiru ekintzaile atxilotu dituzte Iruñean, herenegun Okzitaniako Tolosan Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari botatako tartekin zerikusia izatea egotzita. Agintarien aurkako erasoa egozten diete. Ekintza bere gain hartu zuen Mugitu! taldeak, eta salatu du atxiloketak legez kanpokoak direla. «Tolosako epaitegiak Euroagindu bat eman beharko luke aurrena».
Tolosatik itzuli, eta atzo arratsaldean atzeman zituzten hiru ekintzaileak. Mugitu! taldeak jakinarazi duenez, Julio Villanueva, Ibon Garcia eta Gorka Ovejero dira atxilotuak. Egindakoa «aldarrikapenezko eta umorezko» ekintza bat izan zela defendatu du Mugitu! taldeak. Gainera, Barcina «biktimarena» egiten ari dela adierazi dute.
Aste honetan Pirinioetako Lan Komunitatea —Pirinioetako bi aldeetako eskualdeak batzen dituen erakundea— egon da bilduta Okzitaniako Tolosan. Herenegun amaitu zen bilkura. Aurtengo gai nagusia AHTarenPirinioetako lerroen arteko loturak izan dira. Barcinak, gainera, erakundearen presidentetza hartu du bi urterako.
Hain zuzen ere, AHTaren aurkako ekintzaileek konferentzia irekitzeko zeremonia eten zuten, eta AHTaren aurkako leloak oihukatu zituzten. Gainera, Barcinari hiru tarta bota zizkioten.
Herenegun bertan, Nafarroako Parlamentuak Barcinaren aurkako ekintza salatu zuen. Bilduk salaketa adierazpena babestu ez izana kritikatu zuen, hain zuzen, atzo, Barcinak. «Ikuspegi demokratikotik pena handia ematen dit. Indarkeria amaitzea ez da soilik hiltzeari uztea». Barcinak nabarmendu du indartsu dagoela «askatasuna eta demokrazia» defendatzen jarraitzeko.
Iruñeko Udaleko bozeramaileen batzordeak atzo salatu zuen gertatutakoa: «Demokraziaren aurkako erasoa da». Gainera,AHTaren eraikuntzaren alde egin zuten. NaBai eta Ezkerra abstenitu egin ziren azken puntu horretan. Bilduk ez zuen batzordean parte hartu, baina idatzi baten bidez Barcinari tartak bota zizkiotenen jarrera salatu zuten. «Dena den, ez dugu uste eraso baten moduan har daitekeenik. Beraz, gure botoa abstentzioa izango litzateke».
PSNk «baldintzarik gabe» salatu du gertatutakoa. «Edozein jarrera defenda daiteke, baina hitzaren bidez». Bilduri ekintza salatzeko «beldurra» izatea egotzi zion.
Ezker abertzaleak ukatu egin zuen gertatutakoarekin zerikusia izatea. «Barcinak eta UPNk ondo dakite ez dugula zerikusirik. Dena den, hemen dagoen eztabaida da dirutza bideratuko dela Nafarroari inolako onura ekonomiko eta sozialik ekarriko ez dion azpiegitura batera».
Hiru atxilotu Barcinari tartak botatzea egotzita
Mugitu! taldeak salatu du atxiloketak legez kanpokoak direla eta egindakoa aldarrikapen ekintza bat izan zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu