EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ERASOAK.

Hiru batzokiri, 'herriko taberna' bati eta PSEren egoitza bati eraso diete

Gasteizen, Amurrion, Artziniegan eta Donostian gertatu dira erasoak

Erredakzioa
2005eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Kanpaina erasoekin hasi eta erasoekin amaitu da. Hauteskunde kanpainako lehen egunean, Aralarrek salatu zuen Getxoko bere egoitzaren kontrako erasoa.Kanpainako azken gaua amaitzearekin, berriz, bi batzokiri, PSE-EEren egoitza bati eta herriko taberna bati eraso diete. Gasteizen, Lakua eta Abendaño auzoetako batzokietan pintadak agertu ziren; Donostian PSE-EEren egoitzari pintura bota zioten; eta Artziniegan, herriko tabernako ateak eta hormak margotu zituzten.

Gasteizko Lakua auzoko batzokiari herenegun 23:30ean eraso zioten. Pintura horia eta gorria bota zituzten hormara. Gauza bera gertatu zen, apur bat geroago, Abendaño auzoko batzokian ere. Amurrion, berriz, pintura botatzeaz gainera, batzokiko ikurrina eta ikurrinari eusten zion masta eraman zituzten. EAJren ABBko lehendakari Iñaki Gerenabarrenak salatu zuenez, iragan igandetik EAJren Arabako sei egoitzaren kontra egin dituzte erasoak, «eta hori ez da kasualitate hutsa». Buruzagi jeltzaleak erasoa arbuiatu zuen.

PSE-EE alderdiak Donostiako Prim kalean duen egoitzari, berriz, atzo goizaldean eraso zioten. Pintura horia eta gorria bota zuten. Gipuzkoako PSE-EEko lehendakari Miguel Buenek esan zuen erasoari aurre egiteko modu eraginkorrena gaur bozkatzea dela. Artziniegan ere goizaldean gertatu zen erasoa. Herriko tabernako ateak eta hormak margotuta aurkitu zituzten goizean bertako arduradunek. Esbastika bat eta Espainiako bandera bat margotu zituzten. Halaber, Artziniegako ezker abertzaleak salatu duenez, atzo goizaldean EHAKren aldeko botoa eskatzen zuten kartelak kendu zituzten hormetatik. «Euskal gatazkaren konponbidea trabatu nahian faxistek egindako erasotzat» jo dute gertatutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.