Poliziak Aitor Lorente, Igor Igartua eta Alaitz Areitio atxilotu zituen atzo goizeko lehen orduetan Frantzian, Pirinio Garaietako departamenduko Bagneres de Bigorre herrian. Frantziako Poliziak etxe batetan atxilotu zituen hirurak 06:00ak inguru zirenean, Espainiako Poliziarekin elkarlanean prestatutako operazioan. ETAko kide izatea egotzita detenitu zituzten, eta honakoa da ETAk su-etena hautsitzat eman zuenetik poliziek erakunde armatuarekin loturik eginiko lehen polizia operazioa. Berri agentziek polizia iturriak aipatuz plazaratu dutenez, operazioak zabalik jarraitzen du.
Berri agentzien arabera, lotan zeudela atxilotu zituzten hiru bizkaitarrak eta, atxilotze unean, ez zioten poliziari aurre egin. Goizean goiz atxilotu, eta etxea miatzeari ekin zioten jarraian Frantziako poliziek. Arratsaldera arte luzatu zen miaketa.
Etxean, pistola bat, nortasun agiri faltsuak, autoak lapurtzeko eta matrikula faltsuak egiteko materiala, eta 9.000 euro atzeman zituztela zabaldu zuten berri agentziek. Hala ere, polizia iturriak aipatzen dituzten informazioen arabera, miaketa emankorragoa izango zela uste zuten poliziek. Miaketan ez zutela ez lehergailurik, ez ordenadorerik, ez jarraipenak egiteko planorik atzeman nabarmendu dute. Autorik ere ez zutela atzeman.
ATXILOTZEKO GARAIA AURRERATU DUTE. Informazio iturri horiexek diotenez, maiatzaren 13tik bizi ziren hiru atxilotuak Lourdes hiritik kilometro gutxira eta Aragoiko Pirinioetako mugaren ondoko herrian dagoen etxean. Poliziak, duela bizpahiru aste hasiak ziren hiru euskal herritarrei jarraika. Gainera, atxiloketak egin aurretik, poliziek jarraipen gehiago egiteko asmoa zutela ere zabaldu dute hedabideek. Ez zutela oraindik atxilotzeko asmorik, informazio gehiago lortu nahian. Muga igaro eta Espainiara joango ote ziren beldurrak bultzatu omen dituzte poliziak operazioaren eguna aurreratzera.
Atzo arratsaldean, atxiloketak egin eta miaketa amaitzean, Baionako polizia etxera eraman zituzten hiru detenituak. Informazio batzuen arabera, litekeena da gaur bertan eramatea Parisera epailearen aurrean deklaratu dezaten, eta beste batzuen arabera, asteburuan aurreikusten da Frantziako hiriburuko auzitegira eramatea.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak adierazi duenez, ETAren aparatu militarreko kideak dira atxilotuak eta, ministroaren esanetan, litekeena da hirurek komando bat osatu izana. Edozein kasutan, operazioak zabalik jarraitzen duela nabarmendu du.
Aitor Lorente bilbotarra da eta 40 urte ditu. Sei urteko espetxe zigorra bete ondoren, iazko uztailean askatu zuten. Polizia iturrien arabera, ihes egin zuen gero eta Lorente bilatu eta atxilotzeko agindua emana zuen urtarrilean.
Igor Igartua ere bilbotarra da eta 37 urte ditu. Polizien arabera, 2000. urtetik dago sasian. Bizkaia komandoari laguntza ematea leporatu zioten orduan. Frantzian, errebeldian epaitu eta urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten.
Durangokoa da Alaitz Areitio. 28 urte ditu. Poliziek ETArentzat kaptazio lanetan aritzea egotzi zioten, eta polizien arabera, 2003. urtean Frantziara ihes egin zuen. 2004. urtean Frantziako poliziekin tiroketa izan zuela baina ihes egitea lortu zuela ere uste du.
ETAk su-etena hautsi eta bi egunera etorri dira atxiloketak. Hain zuzen, asteartean bertan, ETAren aurka egiteko «babes osoa» adierazi zion Frantziako Gobernuak Espainiakoari. Su-etena hautsi aurretik ere, aurreko ostegunean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernubuari adierazi zion laguntza emateko prestutasuna Nicolas Sarkozy Frantziako gobernuburuak, Madrilera eginiko bisitan. Eta bi gobernuen elkarlanaren emaitza da operazioa. Espainiako Poliziaren InformaziorakoPolizia Etxe Nagusiak eta Frantziako Polizia Judizialak prestatu dute.
MOBILIZAZIOAK. Horren haritik, atxiloketak salatzeko protestei ekin diete detenituen herrietan. Bilboko Zazpikaleetan, 120 bat lagunek parte hartu zuten atxilotuen egoeraren berri emateko asanbladan eta detenituak askatzeko eskatzeko elkarretaratzean. Durangon, manifestazioa egin zuten.
Gaur eta bihar manifestazioa egingo dute 19:30ean Bilbon. Etxebarrieta plazan abiatuko da gaur protesta, eta Indautxu plazan larunbatean. Durangaldean ere egunero egingo dituzte mobilizazioak, atxilotuak epailearen aurrera eramaten dituzten arte.
Hiru bizkaitar atxilotu ditu Frantziako Poliziak, ETAko kide izatea leporatuta
Espainiako Poliziarekin elkarlanean egin ditu atxiloketak Frantziakoak, eta operazioa zabalik dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu