Hiru bizkaitar hil dira istripuz Espainian; bi, adingabeak

Sei lagun hil dira guztira ezbeharrean, autoarekin uretara erorita; Bizkaiko bi haurrek 6 eta 12 urte zituzten, eta andreak, 37

Erredakzioa
Bilbo
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Hiru bizkaitar —horietako bi, umeak— hil ziren atzo goizaldean Espainian, errepideko istripu batean. Zendutako bi adingabeek 12 eta 6 urte zituzten; haietako baten ama da beste hildakoa, 37 urtekoa. Istripu berean beste hiru pertsona ere zendu ziren: 15 eta18 urteko bi gazte eta 36 urteko andre bat. Ibilgailu berean zihoazen guztiak. Zergatik ez dakitela, ubide batera erori zen ibilgailua. Naveros del Pisuerga herrian gertatu zen ezbeharra, Palentzian. Larrialdi zerbitzuak leku hartara iristerako, hilak ziren sei lagunak.

Goizaldean izan zuten istripua, 04:45 aldera. Naveros del Pisuerga herri parean bada zubi estu bat, ubidea zeharkatzen duena, eta haren ondoren, bihurgune oso itxi bat. Ezbehar asko izaten da leku horretan. Bizkaitarrak zihoazen autoak ubidea babesten duen hesia jo zuen, eta uretara erori zen. Guardia Zibilak jakinarazi du urak erabat estali zuela autoa.

Inguruko herri batean zeuden oporretan guztiak, Zarzosa del Pisuergan. Alkateak azaldu du han jaiotako gurasoak zituztela eta maiz joaten zirela, opor garaian eta. Ezagunak ziren guztiak, eta kuadrillan joan ziren ondoko herri batera, jaietara; handik bueltakoan izan zuten ezbeharra. Auto batean baino gehiagotan joan ziren, eta atzetik zihoazenak saiatu ziren lagunak uretatik ateratzen, baina ezin izan zuten. Anbulantziak iristerako, hilik ziren seiak.

Bi espainiar eta katalan bat

Bilboko emakume bat —M.S.M—zihoan gidari; 37 urte zeuzkan. Haren alaba ere ibilgailu berean zen; 6 urte zeuzkan. Beste bizkaitar bat ere bazen han, 12 urteko mutiko bat. Haiekin batera, 15 eta 18 urteko bi neska hil ziren, Burgoskoak (Espainia), eta 36 urteko andrazko bat, Bartzelonakoa (Herrialde Katalanak). Guztien gorpuak autopsia egitera eraman zituzten, nola hil ziren argitzeko.

Oporretan zeuden herrian—Zarzosa del Pisuergan— festak hastekoak zituzten gaur. Bertan behera utzi dituzte, ordea, eta sei dolu egun izendatu ditu alkateak. Herri oso txikia da Zarzosa del Pisuerga, hogei bat biztanlekoa, eta ezagunak ziren hildako pertsonak. Handik emigratu zutenen senide ugari joan ohi dira udan.

Ezbeharra izan zuten herrian ere bada samina. Herri txikia da Naveros del Pisuerga ere, 50 bat biztanlekoa, eta istripu lekura joan ziren haietako asko. «Ezin izan dugu ezer egin; ohartu orduko joan gara sokak-eta hartuta, baina ezinezkoa izan da», azaldu du Carlos Rey alkateak. Suhiltzaileek atera zituzten sei hilotzak urpetik.

Leku arriskutsua da ezbeharra gertatu zenekoa: azken urteetan hamalau lagun hil dira ibilgailuarekin uretara erorita. Alkateak gogorarazi du, gainera, istripu horietako batean sei lagun hil zirela, atzoko gisa berean. Espainiako Gobernuaren ordezkariak erantzun du era egokian jarrita daudela arriskua adierazteko seinaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.