Hiru egoiliar hil dira Bizkaiko zahar etxeetan

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 514 kasu atzeman dituzte azken 24 orduetan, eta 41 lagun ospitaleratu dituzte. 

Birjinetxe zentr soziosanitarioa. RAUL BOGAJO
2020ko irailaren 13a
13:07
Entzun

Azken 24 orduetan urritu egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzemandako COVID-19 kasuak. Atzo, beste 670 positibo baieztatu zituzten; gaur, berriz, 514. PCR proba kopuruak ere nabarmen egin du behera: 2.299 gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera.

Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien, 264 (-95). Gipuzkoan, 165 (-26) baieztatu dituzte; eta Araban, 84 (-35). Ospitaleetako egoerari dagokionez, 41 lagun gehiago ospitaleratu zituzten atzo, eta oraintxe bertan 61 lagun daude zainketa intentsiboetako unitateetan.

Bizkaiko zahar etxeetan, aldiz, azken 48 orduetan  hiru egoiliar hil dira COVID-19aren eraginez. Denera 37 dira lurralde hartako egoitzetan hil direnak, bigarren olatuaren hasieratik. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 195 egoiliar daude gaixo uneotan, ostiralean adierazi baino bost gehiago. Horietatik 23 ospitaleratuta daude —azken zenbaketan baino zortzi gehiago—.

Kasuak 11 zentrotan daude pilatuta, eta San Jose-Etxe Alai (Mungia) eta DomusVI Miraflores (Bilbo) zahar etxeak dira kaltetuenak, hogeina kasurekin. Horiez gain, Birjinetxeko zentro soziosanitarioan 76 lagun ari dira artatzen: horietatik 56 lurralde hartako egoitzetako egoiliarrak dira, eta 23, zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak. Egoitzetako langileei dagokionez, 111k eman dute positibo, eta isolatuta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.