EMAKUMEA. PANTXIKA APHECEIX

«Hiru enpresatan aritu izan naiz eta sekula ez dut gizonik ikusi»

Erredakzioa
2005eko maiatzaren 11
00:00
Entzun


Ezberdintasuna soldatetan ez ezik, lanbideetan, erretretetan eta bizitzako alor guztietan ematen dela dio Apheceixek, bere lan esperientzian oinarrituz. Benetako berdintasuna lortzeko aldaketa sakonagoak behar direla dio.

Adineko jendearen laguntzaile zara. Nola ematen da emazte eta gizon arteko ezberdintasuna zure alorrean?

Karrikatik abiatzen da ezberdintasuna. Petit Casino saltegietan adibidez, mon epicier est un type formidable (saltzailea paregabeko gizona da) idatzita dago. Eta saltzailea emaztea izaten da. Generotik hasten da ezberdintasuna. Baina nire lanari dagokionez, zera erranen dizut, hiru enpresatan egin dut lan eta sekula ez dut ikusi gizonezkorik.

Gizonek ez dute adinekoen laguntzaile izan nahi?

Nik bederen ez ditut sekula ikusi. Orduka 7,5 euro ordaintzen dute, soldata apalegia. Gainera mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonekin egon behar dugu, familiakoak bagina bezala: paperak bete, erosketak egin, garbitu eta anitzetan bertan egin lo. Gizonezko erizainak ikusi ditut, edo zahar etxeetan lorezain gisa. Baina laguntzaile bezala ez.

Erretreta eta amatasun oporrak?

Haurrak hazteko lana utzi nuen. Ez nuen ordaindu eta gero berezi ginen. Erretreta hartzerakoan urte horiek faltako zaizkit. Ez ote da hori bertze ezberdintasun bat? Nire lankide batek 700 euroko erretreta hartu du aurten.

Soldata mailako ezberdintasunez gain lanbide ezberdinak aipatzen dituzu. Egoera ez da aldatu urteekin?

Lehen autogintzan egiten nuen lan. Emazte bakarra nintzen lanbide horretan. Soldata bera genuen. Baina uste dut ni salbuespen nintzen bezala, soldata parekotasuna ere salbuespena zela. Beha dezagun bertze lanpostuetara. Arrantzale ugari dago Lapurdin baina zenbat emazte itsasontzietan? Eta horietan zenbat patroi? Bakarra.

Horrez gain lan partzialaren eta soldata apalen arazoa ere badago. Zein arloan da nabarmenena?

Baionako Monoprix saltokiko kutxetan ari diren guztiak emazteak dira. Besta egunetan ere ari dira lanean gazteak. Aldi baterako hartzen dituzte eta baldintza okerrenak ere onartzen dituzte. Bertze saltegi batzuetan lanordu mugatuak eskaintzen dizkiete. Hori edo deus ez. Eta hilabete sarietan ezberdintasunak badaude, baina sekretupean gordetzen dira. Gainera Euskal Herriari dagokion datu zehatzik ezin da lortu. Dena Frantziako Administrazioaren itzalpean zentralizatu eta gordetzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.