ETAren atentatuaren biharamunean, ekintza horien kontrako protestak izan ziren Laredo eta Noja herrietan. Laredoko udal bozeramaileen batzordeak bilera egin zuen goizean. Atentatua gaitzesteko agiria adostu eta eguerdirako elkarretaratzera deitu zuten udaletxeko atarian. Nojako Udalak, berriz, 13:30ean egin zuen batzarra, eta han ere agiria adostu zuen. Batzarra amaitutakoan, bi minutuko elkarretaratze isila egin zuten udaletxeko atarian.
Laredoko elkarretaratzean 200 pertsona inguru bildu ziren. Fernandez Revolvo alkatearekin batera, Jose Angel Hierro Colindresko alkatea eta Jose Maria Mazon Kantabriako Gobernuko Herri Lanetako sailburua izan ziren. Azken horrek irakurri zuen Udaleko bozeramaileen agiria. «Ez bonbek, ezta terroristek gizartea mehatxatu eta kikiltzeko erabiltzen dituzten bestelako bideek, ez gaituzte zuzenbide estatutik urrunduko», adierazi zuen Mazonek.
Elkarretaratzea amaitu ondoren, Laredoko alkateak prentsaurrekoa egin zuen. Fernandez Rovolvok esandakoaren arabera, atentatuek «jendea sutu» baino ez dute egiten, eta «harremanak zikindu» egiten dituzte «bisitariak beti begikotasunez hartzen dituen herri batean». Euskal herritarrak Laredon «etxean bezala» egoten direla adierazi zuen alkateak eta honekin guztiarekingehien sufritzen duena «Euskadi bera» dela nabarmendu zuen. Nojako leherketan zauritutako emakumea ere izan zuen gogoan Laredoko alkateak.
Elkarretaratzea bukatzean txaloak eskatu zituen biktimen omenez, eta ETAren indarkeria amaitu beharra dagoela adierazi zuen.
Halaber, Laredoko eta Nojako alkateek esan zuten datozen egunetan bi herri horietan «segurtasun neurriak» eta polizia kontrolak ugarituko direla. Fernandez Revolvok jakitera eman zuenez, ekintzen ostean guardia zibilekin bildu zen, eta haiek «harrituta» agertu ziren «ETAk azkenaldian ez zuelako erasorik egin».
Turismo guneak
ETAren izenean herenegun egindako dei batek jakitera eman zien Trapagarango (Bizkaia) suhiltzaileei lau lehergailu jarri zituztela. 10:30ak aldera jaso zuten abisua, telefono dei baten bitartez, ahotsa distortsionatuta zeukan emakume baten ahotsa entzuten zela. Lehergailuek eguerdian, 12:00etatik eta 15:00etara bitartean, eztanda egingo zutela jakinarazi zuen, eta non izango ziren zehaztu zuen: Laredoko eta Nojako hondartzetan eta Nojako golf zelaian, hain zuzen ere. Laredoko bi bonbek itsas pasealekuan egin zuten eztanda, 300 metroren barruan, eguerdia pasatuta zela, 12:14tan lehena eta 45 minutu beranduago bigarrena. Nojan, berriz, Ris hondartzan lehertu zen aurrena, 12:50ak aldera, eta 14:55ean izan zen azken erasoa, golf zelaian.
Bonbak lehertu baino leheningurua hustu zuten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak. Hala ere, egun horretan izan zen eguraldi hodeitsua dela eta, hondartzetan ez zegoen jende askorik. Riseko hondartzaren alboan den golf zelaitik ere atera zituzten bertan zeudenak, baina leherketan askatutako harri batek emakume bat sorbaldan jo zuen eta beste emakume bat ospitalera eraman behar izan zuten nerbio krisialdi batek jota. Berri agentzien arabera, kalte material arinak izan ziren.
Orotara 32 atentatu egin ditu ETAk Kantabrian. Berri agentziak zabaltzen ari diren informazioaren arabera, atentatu gehienetan helburua turismo guneak izan dira. Aurreko bi erasoak, 2006an izan ziren. Orduan Falange alderdi ultraeskuindarraren Santoñako egoitzari eraso zioten, eta handik 24 ordura beste bonba batek eztanda egin zuen Ontongo herriko errepide batean, A-8 autobidetik hurbil. 2004an turismo guneen kontrako erasoak ugariagoak izan ziren. Santander, San Vicente de la Barquera eta Santillana del Marren jarri zituzten bonbak. Ez zuten inor zauritu. Urte bat lehenago bonba -uto batek eztanda egin zuen Santanderko aireportuan. Telefono dei batek ohartarazi zuen eztandaz.
ETAren ekintzak eta kontsulta nahastea «oso arriskutsua» dela dio Rubalcabak
Atentatuek Euskal Herriak munduan duen irudiari «min handia» egiten diotela uste du Juan Jose IbarretxekErredakzioa
ETAren azken atentatuaren herrietan egindako elkarretaratzeetara euskal politikaririk joan ez bada ere, haien artean erakunde armatuaren azken ekintzaren kontrako gaitzespen adierazpenak ugaritu ziren atzo. EAJ, PSE-EE eta PPko kideen arteko mezu gurutzatuak nagusitu ziren, gehienak Auzitegi Konstituzionalak eten duen kontsulta legea hizpide zutela.
Kontsulta dela eta, ETAren «su-eten txikiaren» inguruan El País egunkariak argitaratutako informazioaz galdegin zioten atzo Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabari. Kontsultaren legearen etetea eta ETAren azken ekintzek loturarik duten edo ez erantzuteko orduan, «atentatuak eta gertakari politikoak lotzea oso arriskutsua» dela adierazi zuen Rubalcabak.
Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidenteak, berriz, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak herenegun eginiko deklarazioei erantzun zien. Independentzia helburu, «batzuek bonbak» jartzen dituztela «eta beste batzuek erreferendumak» egiten dituztela adierazi zuen Basagoitik. ETAren lau bonbak eta kontsultaren legea maila berean jartzea «gauzak nahastea» dela erantzun zion Ortuzarrek.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek ere ETAren azken bi ekintzak gaitzetsi zituen. ETAk ez duela euskal gizartea ordezkatzen nabarmendu zuen. «Bonbek gure herriari munduan min handia egiten diote, ez garena islatzen dutelako».
PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusi Jose AntonioPastorrek Rubalcabak herenegun esandakoa esan zuen: «Lehenago edo geroago kartzelan bukatuko dute egileek, hori baita dagokien lekua». Eta kontsultaren legearen etetea dela-eta Ibarretxeren «antzezpenak» kritikatu zituen.
Nafarroako Gobernuak, berriz,«demokraten» batasuna eskatudu ETAren kontra egiteko, eta ekimen politikoak bultzatzeko eskatu die alderdi abertzaleei, erakunde armatuari «hausporik ez emateko».