Kuban duela hogei urte baino gehiagotik deportatuta zeuden hiru euskal herritar atxiki dituzte Venezuelako agintariek, Caracasko hainbat jakinarazi dutenez. Xabier Perez Lekue, Elena Barcena Arguelles eta Iñaki Etxarte Urbieta dira hiru euskal herritar horiek.
Venezuelako hedabideek azaldu dutenez, hiru euskal herritarrak Haitiko herritar batekin batera zihoazen ontzi batean, Venezuelako kostara iristen ari zirela barkuak hondoa jo eta bertan geratu dira, Los Roques inguruetan.
Venezuelako hedabideek ez dute oraingoz informazio gehiagorik eman. Caracasen atxikita dauden euskal herritarren berri duen iturri batek Berriari adierazi dionez, ordea, Perez, Barcena eta Etxarte Venezuelako giza eskubideen babeserako Provea elkartearekin harremanetan jarri dira, legezko babesa galdeginez. Elkarte horretako Antonio Pupio abokatua ari da eramaten hiru deportatuen defentsa.
Iturri horren arabera, "tratu zuzena eta ona" ari dira jasotzen Venezuelan, baina iheslariak beldur dira Venezuelako Gobernuak Espainiara estraditatuko dituen. Hain zuzen, horietako baten, Etxarteren, estradizioa galdegina du Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Hogei urtetik gora Kuban
Perezek, Barcenak eta Etxartek hogei urtetik gora zeramaten Kuban. Barcena eta Etxarte Frantzian atxilotu zituzten 80eko hamarraldiaren erdialdean, eta hasiera batean Cabo Verdera deportatu bazituzten ere, berehala joan ziren Kubara. Perez, berriz, 1990ean joan zen Kubara, Nikaragua utzita, Fronte Sandinistak boterea galdu zuenean Espainiaratuko zuten beldur.
Joan den maiatzean, hainbat hedabidek Perezen eta Barcenaren gutun bat argitaratu zuten. Gutun horretan zioten Kubatik irten nahi zutela, baina Raul Castroren gobernuak eragotzi egin zietela. «Euskal militanteei babesa ematetik, kartzelero izatera» igaro zela leporatu zioten Kubako Gobernuari.