POLITIKA

Hiru euskal herritar absolbitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak

Zunbeltz Larrea, Agustin del Hierro eta Adur Aristegi, "Kalte terrorista egitea" eta lehergaiak zein sua egiteko materiala edukitzea egotzita epaitu zituzten.

2013ko apirilaren 12a
19:18
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Zunbeltz Larrea, Agustin del Hierro eta Adur Aristegi, "Kalte terrorista egitea" eta lehergaiak zein sua egiteko materiala edukitzea egotzita egin zieten epaiketan.

2002an "ETA babesteko" Gernikan egindako ekintza batzuetan parte hartzea leporatzen zieten hirurei. Larrea eta Del Hierroren kasuan, instrukzioko epaitegi zentralak 2003an esku artean izan zuen kasua. Froga guztiak aztertu ondoren kasua artxibatu zuen, eta ondoren "froga berririk gabe" 2011n berriro ere ireki zutela argudiatu zuen defentsako abokatuak. Orain Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku geratu da kasua, eta defentsaren abokatuari arrazoia eman dio epaimahaiak. "Froga berririk gabe" kasua ireki zutela adierazita absolbitu egin ditu Larrea eta Del Hierro.

Adur Aristegiren kasuan, gertakarien lekuan zegoen kaputxa batean bere DNA topatu zutela adierazi zuten poliziek. Atxilotu zutenean egin zizkioten DNA frogekin alderatu zutela esanda baieztatzen zuten hori. Baina poliziek proba hori egin ziotenean haren abokatua ez zen bertan izan; horregatik, defentsa eskubidea urratu zela argudiatuta, DNA froga horrek baliorik ez duela adierazi du epaimahaiak eta Aristegi ere absolbitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.