Hiru euskal herritar hil dira Suitzako Alpeetan, arroila bat jaisten ari zirela

Haiekin zihoan beste kide bat desagertuta dago. Atzo izan zuten istripua.

Bideak itxi dituzte, erreskate lanak egiteko. GIAN EHRENZELLER / EFE
2020ko abuztuaren 13a
12:08
Entzun

Hiru euskal herritar hil dira Alpeetan arroila jaitsieran ari zirela, eta beste bat desagertuta dago. Atzo izan zuten istripua, Parlitobeleko arroilan, Suitzako San Galo kantonamenduan. Ordutik bila ari dira galduta dagoena aurkitu nahian, eta, gauean etenaldia egin badute ere, gaur berriro ekin diote lanari.

San Galo kantonamenduko Poliziak adierazi duenez, biktimak 30, 33, 38 eta 48 urtekoak dira, Allo eta Arakil (Nafarroa) herrietakoak. Hanspeter Krusi kantonamenduko Poliziako bozeramaileak azaldu duenez, sei laguneko taldea zen, baina bi lagun istripua izan baino lehenago itzuli ziren. 16:00ak aldera banandu zen taldea, eta beranduago elkartzekotan geratu ziren.

18:10ean hasi zen ekaitza arroilan, eta ordu eta erdi iraun zuen. Guztira 25-30 litro jausi ziren metro karratuko. Erreskate taldeek 19:30ean jaso zuten emergentzia abisua, eta 23:20ean aurkitu zituzten bi mendizaleren gorpuak, arroila amaitzen den lakuaren inguruan. Hirugarren gorpua 23:50ean aurkitu zuten, hura ere aintziratik gertu. Kantonamenduko Poliziak azaldu duenez, ekaitzak sortutako uholdeak helarazi zituen bertara. Beste pertsona bat oraindik ez dute topatu. Krusik nabarmendu du eskura dituzten baliabide guztiak erabiliko dituztela galduta dagoen mendizalea bilatzeko.

Armin Grob Alpeetako erreskate zerbitzuko zuzendariak azaldu du bi aditu sartu zirela arroilara lau kideen bila; izan ere, oso arriskutsua zen miaketa airetik egitea. Eguraldiak asko zaildu zuen egoera, eta guztira 100 pertsonak parte hartu behar izan zutela gehitu du.

Suitzako ATS berri agentziaren arabera, laurak gidaririk gabe ari ziren arroila jaisten, eta Krusik nabarmendu du kirolean esperientzia handikoak zirela.

Europa Pressen arabera, hasiak dituzte gorpuak aberriratzeko tramiteak. Egunak aurrera egin ahala informazio gehiago emango dutela adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.