Beste sei euskal preso hauek ere aske uzteko eskatu du fiskaltzak: Juan Jose Zubieta, Jesus Mari Zabarte, Xabier Goldaraz, Maitane Sagastume, Jokin Uriain eta Jose Etxeberria. Erabakiaren zain daude. Quintela GRAPOko presoa, 17:05ean atera da Herrera de la Manchako kartzelatik.
Perez de Nanclares baldintzapeko askatasunean zegoen iazko maiatzaren 7tik, Espetxe Zaintzako epaile Luis Castrok kaleratzeko agindua emanda, "indarkeriari uko egin" ziola baieztatu ondoren. Parot doktrina aplikatuta, 2018an ziren haren zigorra bertan behera uztekoak. Luis Mari Lizarralde Agirre eta Iñaki Rekarte Ibarra ere Langraizko bidea delakoa hartuta zeuden.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, Zigor Salaren hiru aretori beren esku dituzten bederatzi presoren kasuak aztertu, eta aske uzteko eskaera egin du eguerdian. Bederatzi horietatik hiru askatu dituzte aurreneko eta hirugarren aretoek. Bigarren aretoaren erabakia falta da. Bederatzi presoak kaleratzeko erabakia hartuz gero, 33 izango dira Parot doktrina eraisteagatik kaleratutako euskal presoak. GRAPOko lau preso askatzeko ere eskatu du fiskaltzak: Guillermo Vazquez, Maria Jesus Romero, Encarnacion Leon eta Jaime Simonena.
Parot doktrina aplikatuta preso dauzkatenei buruzko erabakia printzipioz Auzitegi Nazionaleko hamazazpi epaileren osoko bilkurak ez hartzea erabaki zuten joan den astean Zigor Salako epaileek. Fiskala presoak aske uztearen alde agertzen denetan, presoari zigorra eman zion salak emango du agindua, kasu hauetan bezala. Fiskala ezezkoan dagoen kasuetan, berriz, osoko bilera egingo du Zigor Salak.