Beste gazte bat atxilotu du Poliziak sanferminetako txupinazoaren egunean alde zaharrean margoketak egin eta hainbat kartel jartzeagatik: "terrorismoa goratzea" leporatu diote. Poliziaren ustez, hainbat izan ziren uztailaren 6an kartelak itsasten eta margoketak egiten aritu ziren gazteak, eta ikerketak irekita jarraitzen du, horietan parte hartu zuten lagun gehiago identifikatzeko asmoz. Bederatzi dira dagoeneko sanferminetako gertakari desberdinei lotuta Poliziak atxilotu dituen gazteak.
Bestalde, beste bi gazte ere atxilotu dituzte Iruñean: 2012ko irailean eta 2013ko maiatzan izandako greba orokorretan "autoritatearen aurkako atentatua" egitea eta "desordena publikoak" eragitea leporatzen diete. Iruñeko alde zaharrean "kalteak eragin" zituztela uste du Poliziak. Libre utzi dituzte biak, gurasoen zaintzapean.