Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, lehenengo gizona Bilbon atxilotu dute. Gizonezko bat bere emazte ohiaren etxean sartzen saiatzen ari zela ohartarazi diote gauerdian Ertzaintzaren patruila batik. Gizonezkoak urruntzeko agindua bazuen ere bikotekide ohiaren etxean sartzeko ahaleginak egiten ari zen. Ertzainak iritsi direnean eskaileretan eserita aurkitu dute gizona eta identifikatu ostean, urruntze agindua zuela baieztatu dute. Emakumeak ertzainei azaldu dienez, gizona etxean sartu izan da giltzak erabilita bera bertan ez zegoenean. Hori dela eta, salaketa jarri eta etxeko sarraila aldatua zuela azaldu die emakumeak. Atzo baina, gizonak ezin izan zuenez etxera sartu ateari kolpeak ematen hasi zen. Hori dela eta, ertzainek urruntze agindua ez betetzeagatik atxilotu dute gizona.
Bigarren atxiloketa Barakaldon (Bizkaia) izan da, goizaldean. Antza denez, ertzainek aurpegian kolpeak zituen gizon batekin egin dute topo. Galdetzera hurbildu direnean, metro eskasera zeuden pertsona batzuek jo dutela azaldu die ertzainei. Emakume bat eta bi gizonezko ziren eta ertzainak identifikatu dituenean emakumeak salatu egin du aurpegian kolpeak zituen gizona. Emakumeak ertzainei azaldu dienez, 500 metroko urruntze agindua zuen gizonak baina egun osoa zeraman bere atzetik, mehatxuka, telefonoz deika eta iseka eginez. Gizonezkoak jo egin duela eta guraize batzuekin mehatxu egin diola gaineratu du emakumeak. Berarekin batera zeuden bi lagunei galdetu diete ertzainek gizonak aurpegian zituen kolpeen inguruan. Hauek azaldu dutenez, euren lagunari iseka egiten eta mehatxuka ari zenean jo dute. Ertzainek, gizonak urruntze agindua zuela ziurtatu dutenean atxilotu egin dute.
Azkenik Nafarroako Foru Poliziak hirugarren gizona atxilotu du Fiteron (Nafarroa). Foru Poliziak tratu txarren kasu baten berri izan zuen joan den asteartean. Emakume batek salatu zuenez, eztabaidan ari zirenean bere bikoteak aurpegian jo zuen hainbat aldiz, lepotik heldu zuen eta lurrera bota ostean gorputzeko hainbat lekutan ostikoak eman zizkion. Era berean, emakumeak azaldu zuenez, azken urtean mota horretako bost eraso baino gehiago jasan ditu. Nafarroako Poliziak erasotzailea atxilotu zuen. Baieztatu ahal izan zutenez, joan den urtean salaketa jarri zion bere bikotekideak ondoren salaketa kendu zuen arren.
Genero indarkeria
Hiru gizon atxilotu dituzte emakumeen kontrako indarkeriagatik
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu, gaur, Bilbon eta Barakaldon (Bizkaia) bikotekide ohiengandik urruntzeko aginduak ez betetzeagatik. Bestetik, Nafarroako Foru Polizak Fiteron (Nafarroa) hirugarren gizon bat atxilotu zuen asteartean bikotekidea jotzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu