GENERO INDARKERIA

Hiru gizon atxilotu dituzte genero indarkeria leporatuta

Urduñan, Gasteizen eta Bilbon atzeman dituzte.

2013ko urtarrilaren 3a
21:20
Entzun

Bi gizonezko atzeman ditu Ertzaintzak azken orduetan, bikotekidea jotzea egotzita. Bat Gasteizen hartu dute atxilo, eta bestea, Urduñan (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Urduñan, atzo arratsaldean atzeman zuten gizona, 15:00 aldera. Etxebizitza batera joan ziren poliziak, bertan emakume bat jotzen ari zirela ohartarazita. Andreak ubeldua zuen aurpegia, eta poliziei adierazi zien bikotekideak jo egin zuela eztabaidan aritu eta gero. Gizonezkoa, 70 urtekoa, atxilo hartu zuten. Emakumea Laudioko erietxera eraman zuten.

Gaur goizaldean atxilotu dute beste gizon bat, Gasteizen. Pertsona batek ertzainei ohartarazi die sesioan ari zirela harekin bizi diren gizon-emakumeak, eta, etxera joatean, poliziek baieztatu dute gizonak andrea jo duela. Emakumeak esan du ohera bota eta joka hasi zitzaiola gizona. Atzeman egin dute. Andrea, berriz, Txagorritxuko ospitalera eraman dute.

Bilbon, berriz, gizonezko bat atzeman du Udaltzaingoak, bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua urratzea egotzita. Goizaldean atxilotu dute 48 urteko gizon hori, Montevideo hiribidean. Bikotekide ohiaren arabera, gizona etxera joan zitzaion, nahiz eta 200 metro baino urrunago egoteko agindua duen. Udaltzaingoaren arabera, gizonak heriotza mehatxuak egin zizkien udaltzainei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.