Abenduan iragarri zuten aurretik akordiorik lortu ezean urtarriletik aurrera mobilizazioak indartuko zituztela. Martxoaren 14an eta 15ean, eta ekainaren 12an: ELA, LAB eta Steilas sindikatuek hiru egun horietarako deitu dituzte grebara Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langileak. Horrez gainera, apiriletik aurrera sektorekako aste osoko lanuzteak egingo dituzte: irakasleenak, heziketa berezikoak, sukalde eta garbiketakoak eta Haurreskoletakoak.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datorren asterako deituko ditu mahai sektorialak. Oraingoz, Haurreskolak Partzuergokoak baino ez du data: urtarrilaren 16an. Sindikatuetako ordezkarien arabera, bilera horietan euren aldarrikapenei erantzun ezean, gaur aurkeztu duten egutegi horri eutsiko diote. "Jaurlaritzak aldatu du bere jarrera immobilista, baina gure aldarrikapenetako batzuei baino ez die erantzun, eta oso modu partzialean", ohartarazi du ELAko kide Miren Zubizarretak. Steilaseko Ana Perezek esan du eskaera nagusia inbertsioa handitzea dela, horrek gainerako aldarrikapenei erantzutea ekarriko lukeelako. LABeko Aitor Nuñezek esan du proposamen sendoak jasoz gero aldarrikapenetako batzuk sakrifikatzeko prest egon daitezkeela, eta LOMCE eta Heziberri aipatu ditu. Edonola ere, neurri zehatzekin batera, horiek indarrean sartzeko egutegia ere nahi dute, mobilizazioak bertan behera uzteko.