Hiru hizkuntza eredu, Iparraldean euskaraz ari diren haurtzaindegientzat

EEPk, CAFek, Kontseilu Nagusiak eta MSAk hitzarmen bat izenpetu dute euskarazko eskaintza arautzeko

Hitzarmenaren izenpetzaileen artean, Juliette Seguela Kontseilu Nagusiko ordezkaria, Max Brisson EEPkoa eta Genevieve Lebard CAFekoa. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2011ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Gaur egun, 55 haurtzaindegi dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa gaindi. Horien artean, anitzek dute jada euskarazko zerbitzua eskaintzen. 2006an, konparazione, eskaintzaren argazki bat egin zuen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), eta orduko 35 haurtzaindegien artean, hamaseik euskara erabiltzen zuten. Lehen haurtzaroko eragileek euskararen erabiltzeko nahikeria bat bazutela ikusi zuten, baina praktikan antolaketa eskasa zela eta eskaintza ez zela argia gurasoentzat; horixe izan zen EEP hortik jalgi konklusioa. Gabezia horiei aurre egiteko asmoz, Leha izendatu dispositiboa abian jarri zuten atzo, haurtzaindegiekin lanean ari diren CAF-Familien Laguntza Kutxak, MSA-laborari Familien Laguntza Kutxak, Kontseilu Nagusiak eta EEPk. Ideia euskarazko eskaintza zigilu batekin batzea da, hiru hizkuntz eredurekin, gurasoek elebitasunaren hautua egin ahal izateko.

EEPko presidente Max Brisson poztu zen «profesionalekin» egin hitzarmen horretaz: «Eskaintzak atxikimendu askearen printzipioa du oinarri. Nehor ez da behartua euskarazko harrera egiten duen haurtzaindegi batean jartzera bere haurra. Baina guraso guztiek hautua izan behar dute». Gehitu zuen baita ere: «Hautua existitzen delarik, eskaera badela badakigu. Errealitate bat da». Horren azaltzeko, zifra bat eman zuen presidenteak: «Ama eskoletako haurren %40 adar elebidunean dira».

Konkretuki, dispositibo berriaren barnean, haurtzaindegien etiketatze prozedura bat bada. Hiru ereduri lotua den etiketatzea. A, B eta C ereduak dira, errealitatean existitzen denetik hautatuak. A ereduarekin, haurra ingurumen elebidun batean ibiliko da. Gurasoek hauta dezakete euskaraz ala frantsesez hitz eginen dion haurtzaindegiko langileak. B eredua jarraitzen duen haurtzaindegian ingurumen euskaldunean ibiliko da haurra, eta harremanak osoki euskaraz egingo dira. C eredukoetan ingurumen elebidunean ibiliko da haurra. Langileen erdiak euskaraz ariko zaizkio, eta beste erdiak, frantsesez. Ereduak jadanik esperimentatuak dituzte zortzi haurtzaindegitan. Horien artean hiru etiketatuak dira. Miarritzeko Ohakoa, Baionako Luma eta Ziburuko Luma, hirurak B eredupean. Beste bost bidean dira, horietako bat B ereduan eta lau C eredupean. Bidean erran nahi du haurtzaindegiak ez dituela aitzinetik definitu kargu kaierako irizpide guztiak betetzen baina kudeatzaileak laguntza plangintza obratzea onartzen duela. Dela materiala eskuratu edo beste. Puntu nagusiena dena langileen trebakuntzaren barnekoa da. Euskaraz ez badakite, ikasi behar dute. Plangintza horren finantzaketa EEPk, herri elkargoek eta herriek dute egiten. Bidean dauden horietan, hamahiru langile ari dira euskara ikasten, AEKrekin. Haurtzaindegietara egokitu ikastaldi bat segitzen dute.

Aparte, bost badira prozedura onartuak dutenak eta bidean jartzekoak direnak. Atzoko hitzarmenarekin, orain, dispositiboa haurtzaindegi guztiei irekia da. Lekuan lekuko euskara teknikariak, hautetsiak eta CAFeko teknikariak izanen dira dispositiboaren eta haurtzaindegien arteko bitartekariak, eskaintza garatzeko asmoz.

Hemendik zenbait urtetara ebaluaketa kualitatibo bat egiteko asmoarekin da EEP, ikusteko zerk funtzionatu duen, zergatik eta, horren arabera, beharrez eta ahalaz, ereduak zein eskaintzak egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.