Hiru indarkerien katea

Indarkeria ez da fisikoa bakarrik. Euskal Herriko bake prozesuak ez dezake aurrera egin, indarkeria kulturala eta estrukturala ez badira desagertzen. Hori dio Galtungen teoriak.

ENEKO BIDEGAIN
2007ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Indarkeria ez da beti ikusten. Indarkeria ez da indarkeria fisikoa bakarrik. Gatazka batean, indarkeriak hiru adar dituela dio Johan Galtung bakeari buruzko ikerlari norvegiarrak. Indarkeria fisikoaz gain, indarkeria kulturala eta egitura indarkeria daude. Hirurak elkarri lotuak dira, batek bestea eragiten baitu. Bake giro batean edo bake prozesu batean, hiru indarkeriak desagertzea baitezpadakoa dela dio Galtungen teoriak. ETAren su-eten garaian, egitura indarkeria eta indarkeria kulturala ez dira desagertu, ordea.

Horren adibide garbia da Iñaki De Juana gose greban egon zen garaian, Espainiako Gobernuak eta oposizioak ukan zuten jarrera. Espainiako hedabideek anitz aipatu zuten gose greba hori, urtarrila erditik martxo bitartean, bereziki. PPk eta biktimen elkarteek De Juana «hiltzaile odoltsu» gisa aurkezten zuten etengabe. Guztiz adierazgarria da El Mundo egunkariaren 2006ko urriaren 28ko azalean, De Juanaren argazki bati eman zitzaion albiste laburra. «Kanibalaren irribarrea» izenburuarekin, egunkari hark De Juana The Silence of the lambs filmako Hannibal Lecter-ekin konparatu zuen. Beste artikulu batzuetan zalantzan ezartzen zuen gose greba zinezkoa zela, nahiz eta izenburuan baieztatutako horren frogarik ez ekarri artikuluan.

Espainiako hedabideek eta oposizioak ez zioten hainbesteko interesik ematen Gara-n argitaratutako bi iritzi artikuluei. De Juanari leporatzen zitzaizkion 25 hilketen inguruan kanpaina gogorra egin zuen oposizioak, euskal presoa kartzelatik ez zedin atera exijitzeko. 80ko hamarkada hasierako atentatuak etengabe berriz gogora ekartzea edota iritzi publikoaren aurrean euskal presoak behin eta berriz «terrorista» eta «hiltzaile odoltsu» gisa aurkeztea, indarkeria kulturala egitea da, Johan Galtungen teoriaren arabera.

Indarkeria fisikoari edo gerrari zilegitasuna ematea da indarkeria kulturalaren funtzioa. Ideologiaren, erlijioaren, hizkuntzaren, artearen edota propagandaren bidez, balio batzuk trasmititzen dira gizartean. «Bidezko kausa baten alde borrokatzen gara» erratea edota «ongiaren aldea» justifikatzea izan daiteke indarkeria kulturala. Halaber, «ustelak dira, odol gose batzuk dira» mezua zabaltzea ere indarkeria kulturala da.

ETAren su-eten garaian, bake prozesu garaian, Espainiako oposizioak mugimendu abertzalearen kontra zabaldu duen mezu negatibo hori bakea egitearen kontrako mezua da, Galtungen arabera. Alabaina, nola egin daiteke bakea, munstro batzuekin? Jarrera horrek, gatazka areagotu baizik ez du egiten.

Indarkeria kulturalak indarkeria fisikoa edo gerra justifikatzen du. Egitura indarkeria eragiten du, hots, indarkeria egituratzen eta arrazionalizatzen da, erakunde armatuak, polizia edo justizia aparatuak sortuz. Gatazka pertsonen artekoa izan beharrean, taldeen artekoa bihurtzen da. Eraginkorragoa eta bortitzagoa bihurtzen da. Despertsonalizatzen da. Eta horrek gatazka denboran iraunaraztea eragiten du, injustiziekin batera. Horrek indarkeria fisikoa dakar: atentatuak, tortura...



PORROT LOGIKOA. Gatazka bat konpontzeko, ezinbestekoa da indarkeria mota guztiak desagertzea, Galtungen arabera. Indarkeria fisikoaren aurrean, berreraikuntza egin behar da, presoak askatuz eta biktimei kalte-ordainak emanez. Berreraikuntza hori eraginen duen faktorea gatazkaren konponbide politikoa da. Hots, «gatazkaren erroetara jotzea», horiek aztertzea eta hortik aterabide adostu bat lortzea. Baina, betiere Galtungen arabera, adostasunera heltzeko eta konponbide hori lortzeko baitezpadakoa da berradiskidetzea lortzea, hots indarkeria kulturala desagertzea.

Hori da, beharbada, zailena gatazketan. Indarkeria fisikoek eragiten dituzten zauriek eta gorrotoek hor diraute. Eta, Euskal Herriaren kasuan, ez dira desagertu. PPk eta biktimen elkarteek zazpi eginahalak egin dituzte, indarkeria kultural horren bitartez, gorrotoa elikatzeko.

PP bake prozesuaren aurka egonik, bere jarrera gatazka elikatzeko logika horren barnean sartzen da. Logika horrekin kontraesanean dago, ordea, PSOEko gobernuaren jarrera, De Juana aske utzi zuenean emandako arrazoiekin, adibidez. Zapaterok «errukia ezagutzen ez duen baten herioa ekidin nahi izan dugu» erran zuenean, kontraesan horretan dago. Galtungen teorietan oinarrituz, bakea lortu nahi duen eragile batek, beste aldearenganako jarrera eztitu behar du. Negoziazio borondatea sinesgarria izan dadin, indarkeria kulturalaren zantzuak bazterrera uztea derrigorrezkoa da, Galtungen teorien arabera.

Zapateroren gobernuak egitura indarkeria ere ez du bazterrean utzi. Horretan koka daiteke Batasuna legeztatzeari uko egitea. Begi-bistakoa izan arren, teoria horren arabera, argi da, ezin dela negoziatzeaz mintzatu, parekoari ez bazaio izaera juridikorik onartzen.

Gatazka bat epe luzerako konpondu nahi bada, hiru indarkeriak desagertzeaz gainera, berreraikuntza, berradiskidetzea eta konponbidea derrigorrezkoak direla dio Galtungek. Nahikoa da atal bat ez ongi konpontzea, gatazka berrabiatzeko. «Gerra edo gatazka batetik landa, ez daiteke gizarte egonkorrik osatu, ez bada oinarri sendoetan eraikitzen». Giltza hori garrantzitsua bada ere, gehiago behar dira porrota ulertzeko, konplexutasunak kontuan hartuz.

 

zIKLoa



Indarkeria kulturala. Gerra edo indarkeria fisikoa gizartean justifikatzeko bidea, aurkaria eta haren ideiak zikinduz edo aldekoak eta haren ideiak ohoratuz.

Egitura indarkeria . Gatazkaren despertsonalizazioa eta arrazionalizazioa, hainbat egitura eta erakunderen bidez.

Indarkeria fisikoa. Atentatuak, tortura eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.