Genero indarkeria

Hiru lagun atxilotu berri dituzte tratu txarrak leporatuta

Lasarten atxilotu dute bat, eta Gasteizen beste biak.

Maialen Unanue
2014ko apirilaren 7a
07:37
Entzun

Atzo gertatu ziren hiru erasoak. Deigarriena Lasarten (Gipuzkoa) izan zen, 03:30 inguruan. Bizilagun batek deitu zien ertzainei, emakumea zaurituta ikusi zuenean. Buruan, aurpegian, besoetan eta hanketan zituen andreak zauriak, eta ospitalera eraman zuen. Gizona Errenterian (Gipuzkoa) atxilotu zuten. Datozen orduetan utziko dute epaileen esku.

Andreak kontatu zien gertatutakoa ertzainei. Bortxatzen saiatu zen bikotekidea, baina ez zuenez lortu, jo egin zuen, poltsan zeraman dirua lapurtu, eta autoarekin harrapatzen saiatu zen.

Beste bi atxilotu Gasteizen

Beste bi lagun atxilotu dituzte Gasteizen bikotekidea jotzea egotzita; ordu erdiko tartean gertatu ziren bi atxiloketak. Lehenengoa, 23:30ean, udaltzainen arabera. Herritar batek eman zien abisua, gizon batek andre bat jo zuela ikustean. Udaltzainak bertaratu zirenean aurpegian zauriak zituela jakinarazi dute, eta artatu behar izan zuten. Atxilotuak 31 urte ditu.

Hogei minutu geroago atxilotu zuten bestea, 39 urteko gizon bat, emaztea jo zuelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.