Hiru lagun atxilotu dituzte Frantzia hegoaldean, ETAko kide direlakoan

Aitzol Iriondo, Eneko Zarrabeitia eta Aitor Artetxe atxilotu dituzte Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarlanean

AGENTZIAK PARIS
2008ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Aitzol Iriondo, Eneko Zarrabeitia eta Aitor Artetxe ustezko etakideak atxilotu ditu Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean egindako polizia operazioan. Tarbe inguruan atxilotu zituzten, atzo arratsaldeko 18:00 aldean, Gerde herrian. Ez dute garbi esan nola atxilotu zituzten, baina iturri batzuek diote kalean zeudela atxiloketaren unean. Juntadizoa izan zezaketela ondorioztatu du Poliziak. Hiru lagunak armatuta zeudela zabaldu dute iturri horiek eta dokumentu faltsuak zeramatzatela. 23:00ak zirenean jakin zen, Guardia Zibilak beste hiru lagun ere atxilotu zituela, Irunen (Gipuzkoa). Hainbat komunikabide polizia iturriak aipatuz zabaldu zutenez, Irunen atzeman zituzten hiru lagunak, Frantzian atxilotutakoekin egon ostean etxera bueltan zirela.

ETAren buruzagitza militarreko kide izatea egozten diete Iriondori eta Zarrabeitiari, berri agentziek jakinarazi dutenez. Artetxeri buruz ez dute zehaztasunik eman. Iriondo lasartearra da, eta 2002an egin zuen ihes, polizia iturrien arabera. Zarrabeitia Abadiñokoa (Bizkaia) da, eta iturri horien arabera, 2007az geroztik falta da etxetik. Artetxeri buruz, Bizkaia taldeko kide izandakoa dela besterik ez dute esan.

Frantziako eta Espainiako Barne Ministerioek berebiziko garrantzia eman diote atxiloketa horiei. Izan ere, ETAko talde militarreko buru jotzen zuten Garikoitz Aspiazu ustezko etakidea atxilotu zutenetik Iriondok betetzen zuen haren papera.

Atxiloketen berri jakin bezain laster poliziaren lana txalotu zuen Michelle Alliot-Mariek, Frantziako Barne Ministroak. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroak ere prentsaurrekoa eman zuen atxiloketak gertatu eta pare bat ordura. Hiru lagunen izenak eman zituen Rubalcabak, eta Iriondo Aspiazuren oinordekoa dela azpimarratu zuen. Rubalcabak eta Alliot Mariek, biek azpimarratu zuten, atxiloketa horiek Frantziaren eta Espainiaren arteko elkarlanaren fruitu direla.

Rubalcabaren arabera, Aspiazu atxilotu zutenean abiatutako ikerketen ondorioz iritsi dira atzo hiru lagunak atxilotzera.

Espainiako alderdi politikoek garrantzia handia eman diote atxiloketei, eta berria jakin bezain laster Poliziari zorionak ematen hasi ziren alderdiak. PSOEk oharra zabaldu zuen «berri bikaina» dela esanez eta poliziaren lana zorionduz. Ezinbestekotzat jo dute nazioarteko elkarlana. Antzeko adierazpena egin zuen PPk ere. ETA garaitzeko bidea «demokraten elkarlana, Zuzenbide Estatuaren tresna guztien aplikazioa, eta Estatuaren segurtasun indarren lana» direla azpimarratu zuen.

Frantziako Poliziak ustezko ETAko buruzagitzen kontra aurten egiten duen hirugarren polizia operazioa da atzokoa. Maiatzaren 20an Francisco Javier Lopez Peña, Jon Salaberria, Igor Suberbiola eta Ainhoa Ozaeta atxilotu zituztenean buruzagitza atxilotu zutela esan zuten, eta gauza bera egin zuten duela hiru aste, Garikoitz Aspiazu atzeman zutenean. Horiez gain, «garrantzitsutzat» jo dituzten beste hainbat atxiloketa ere egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.