Nafarroako foruzainek Julio Villanueva, Ibon Garcia eta Gorka Obejero atxilotu dituzte gaur arratsaldean Iruñean, atzo Tolosan (Okzitania) Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariari hiru tarta bota zizkiotela egotzita. Mugitu! desobedentzia mugimenduak hartu zuen ekintza bere gain. AHTaren egitasmoa salatzeko egin zuen, Okzitaniako Libertat elkartearen sostenguarekin.
Villanueva, Garcia eta Obejero gaur heldu dira Okzitaniatik Iruñera, BERRIAk jakin duenez, eta kalez jantzitako foruzainek parte zaharrean lehendabizi identifikatu egin dituzte, eta gero atzeman.
Mugitu!-k 17:30ean Iruñean egindako prentsaurrekoan adierazi du tarta jaurtitzea protesta modu bat dela, inola era, pertsona fisikoaren kontrako erasoa. Ekintza horrekin "agintariaren irudia zikindu" nahi zuten, kasu honetan, Barcinarena. Gaineratu dute gaur arratsaldean egindako atxiloketak "legez kanpo" daudela, Tolosako (Frantzia) epaitegiak ez baitu euroagindurik eman.
Polizia iturriek gaur zabaldu dute Barcinari tartak botatzea autoritatearen kontrako atentatua dela.
Pirinioetako komunikazioei buruzko konferentzian
Egun hauetan Pirinioetako komunikazioei buruzko konferentziak egiten ari dira Tolosan. Han bildu da Pirinioetako Lan Komunitatea, Pirinioetako bi aldeetako eskualdeak batzen dituen erakundea. Besteak beste, erakundeko partaide dira Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa. Aurtengo konferentziaren gai nagusia abiadura handiko trenaren Pirinioetako lerroen arteko loturak dira; eta, horrez gain, Barcinak erakundearen presidentetza hartu du bi urterako.
Hain zuzen, Nafarroako presidenteari hiru tarta bota zizkioten atzo. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, ekintzaileek konferentzia irekitzeko zeremonia eten zuten, eta AHTaren aurkako leloak oihukatu.
Nafarroako Parlamentuak berehala gaitzetsi zuen Barcinaren aurkako ekintza; ohiko bilkuran adierazpen instituzionala onartu zuen, ia alderdi denen aldeko botoekin —Bildu abstenitu egin zen—.
Mugitu!-ren argudioak
Mugitu! mugimenduak jakinarazi duenez, AHTak Euskal Herri guztian eragiten dituen "inpaktu ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak" salatu nahi izan zituen atzo Pirinioetako Lan Komunitateak egin duen konferentzian. Mugitu! taldeari salagarria iruditzen zaio egoera: "Xahutzen diren baliabide publiko izugarriekin eraikuntza enpresek eta klase politiko ustel batek irabazi itzelak dituzte. Aldi berean, hezkuntzan, osasungintzan, pentsioetan eta laguntza sozialetan murrizketa beldurgarriak pairatzen ditugu".
AHTaren aurkako taldeak uste du konferentzian bildutako politikariek "merkantzien joan-etorria oztopatzen duen harresi baten moduan ikusten dituztela Pirinioak". EAEk eta Nafarroako Foru Erkidegoak Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea "inposatu" nahi dituzte: "Abiadura handiko lineak herritarrei inposatzen zaizkie; bai Euskal Herrian, bai Val di Susan [Italia], bai Europako beste tokietan".
Mugitu! taldeak elkartasuna adierazi dio Okzitanian AHTaren aurka "gora doan" oposizioari. Eta denen artean AHTa eta azpiegitura handiak gelditzeko garaia dela esan du: "Krisialdia areagotzen ari den garai zail honetan pastela txikiarazi behar dugu. Errezeta aldatu beharra dago".