Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonezko bat hil da eta andre bat zauritu Laudion, Araban, AL-625 errepidean gertatutako auto istripu batean. Arratsaldeko hirurak aldera gertatu da ezbeharra, bi autok elkarren kontra jota. Galdakaoko erietxera eraman dute emakumea.
Orotara, hiru lagun hil dira gaur errepidean gertatutako istripuetan. Murun, 68 urteko gizon bat hil da beste istripu batean. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, NA-120 errepidean gertatu da ezbeharra. Gizonak gidatutako autoa errepidetik irten da, eta, lehen ikerketen arabera, istripua gertatu aurretik hil da gizona.
Autopsia egingo diote Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutuan, hala gertatu ote den baieztatzeko. Gizona bakarrik zihoan autoan. 04:40ean izan du Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak istripuaren berri. Bertara joandako sendagileek ezin izan dute gizona onera itzuli.
Deikaztelun gertatu da beste istripua, NA-666 errepidean. 13:50 aldera, aurrez aurre jo dute elkar auto batek eta kamioi batek, eta autoa gidatzen ari zen andrea hil da.