Hiru lagun zauritu dira gaur goizean Gipuzkoan, bertze hainbertze auto istriputan, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. A-8 autopistan Getaria parean, A-15 autobidean Villabonan, eta Lasarte-Orian N-1ean gertatu dira ezbeharrak. Hiru lagunak ospitalera eraman dituzte, haietako bat larri.
Lehen istripua A-8an Getaria parean gertatu da, 7:00 aldera. Bilboranzko norabidean, gutxienez sei ibilgailuk elkar jo dute, Herrizaingo Sailaren arabera. Lagun bat zauritu da eta ospitalera eraman dute. Istripuak bi kilometro baino gehiagoko auto ilarak sortu ditu, eta 8:30 aldera errepidea libre gelditu da.
Goizeko bigarren ezbeharra A-15ean izan da, Villabona pareko Belabieta tunelean, Andoaingo norabidean. 8:45 aldera hiru autok elkar jo dute, eta lagun bat zaurituta ospitalera eraman dute. Zirkulazioan mozketak eragin ditu istripu horrek.
Istripu larriena 11:00 inguruan gertatu da Lasarte-Orian, N-1ean. Kamioi bat N-1ak A-8aren Bilboko norabidearekin bat egiten duen zubitik beheiti erori da. Gidaria larri zaurituta eraman dute ospitalera. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ibilgailua A-8aren ondoko zelai batera erori da, eta trafikoa oztopatzen ez duen arren, auto ilarak sortu dira.
Errepideak
Hiru lagun zauritu dira Gipuzkoan gertatutako hiru istriputan
Getarian A-8an, Villabonan A-15ean eta Lasarte-Orian N-1ean izan dira ezbeharrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu