Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak egin zirenetik eztabaida etengabea da. Lehenik eta behin, Mahaiko lehendakaria aukeratzeko lau saio egin behar izan zituzten, eta orain, taldeak osatzeko ere ezin konponduta dabiltza. EAk EAJrengandik bananduta osatu nahi du taldea, eta EB-Berdeek taldea osatu nahi dute EAJk emandako bi legebiltzarkiderekin. Alderdi batzuk hori egitearen kontra daude, ordea.
"Gauza txikiak" konpontzeko ez direla "gai" erakusten du horrek Markel Olanoren (EAJ) iritzian. Izan ere, bake prozesuaz hizketan ari diren bitartean horrelako gatazketan trabatzeak "sinesgarritasuna" kentzen die politikariei, bere iritzian.
Beraz, araudia aldatu behar dela uste du Olanok, eta aldaketa hori "nahiko adostua" dagoela iragarri du. Erreformarekin taldea hiru legebiltzarkiderekin osatzea ahalbidetuko dela esan du, eta kargua zin egiteko moduan ere aldaketak badirela aurreratu du. Araudia aldatu bitartean, oraingo araudian legebiltzarkideak "maileguan" ematea ez dela oztopatzen azpimarratu du Olanok, eta "joko hori tentuz" egingo balukete, "espektakulu hori" ez luketela emango azpimarratu du.
EAko Onintza Lasak, berriz, Legebiltzarrean araudia bete behar dela azpimarratu du. "Hortik aurrerako irakurketak norberaren esku daude", azpimarratu duenez. Gaineratu duenez, ez dute "ulertzen" zergaitik "EArekin sartzen den jendea ze guk ez dugu inorekin sartu nahi izan". Araudia aldatu behar bada, aldatu egin behar dela dio, baina, bitartean dagoena bete behar dela.
Oraingo araudiak "lehen mailako herritarrak eta bigarren mailakoak" bereizten ditu Aralarreko Mikel Basaberen iritzian, eta horregaitik, aldatzea beharrezkoa dela dio. "Izan ere, talderik gabe, Aralarri botoa eman dioten herritarrek ezingo dute batzorde guztietan ahotsa eduki. Aralarrek ezingo era duin batean lan egin". Horregatik, beraiei talde mistoan makarrik egoteak mesede egiten diela dio. "Araudia aldatu behar da, txarra delako".
Ramon Etxezarretan (PSE-EE) esan du, araudia aldatu behar bada, aldatzeko, baina bien bitartean ez "tranpeatzeko". Izan ere, bere ustez, "gertatzen ari dena lotsagarria da".
Politikariek solasaldia
Hiru legebiltzarkiderekin taldea osatzea posible egiten duen araudia "nahiko adostua" dagoela dio Olanok
EAJko kide Markel Olanok esan duenez, Eusko Legebiltzarrerako araudi berria "nahiko adostua" dago. Araudi horren arabera, hiru legebiltzarkide nahikoa izango dira taldea osatzeko. Euskadi Irratian politikariek ostiralero egiten duten solasaldian egin ditu adierazpenok Aranak. Ramon Etxezarreta harekin bat etorri da, politikariak itxura eskasa ematen ari direla esaterakoan, eta bien iritzian, "gauza txikietan" asko katramilatzen ari dira. EAko Onintza Lasak araudia bete behar dela azpimarratu du, eta Aralarreko Mikel Basabek dio araudia aldatzea beharrezkoa dela, "txarra delako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu