Bart goizaldean bost lehergailu mehatxu izan dira Lapurdin eta Nafarroa Beherean, turismo guneetan eta AHTren trenbidean. Gainera, esandako bi lekutan hiru lehergailu aurkitu dituzte, eztanda egin ez duten arren. Michelle Alliot-Marie Frantziako Barne ministroakk "oso larritzat" jo ditu erasoak, eta egileek "zigor eredugarria" jasoko dutela nabarmendu du.
Paueko (Frantzia) prefekturak agertu duenez, Arrangoitzeko (Lapurdi) Pierre eta Vacances turistentzako oporretarako eremuan aurkitu dute lehergailuetako bat eta herri bereko turismo bulegoaren ondoan beste bat; hirugarrena AHTren trenbidean Bokale (Lapurdi) eta Ondres (Landak, Frantzia) artean. Mehatxua zela eta, Baiona eta Akize (Landak, Frantzia) arteko tren zerbitzua etenda egon da, baina hamarrak inguruan martxan jarri dute berriro. Era berean, Bordeleko (Frantzia) geltokia itxita egon da 05:30 eta 07:30 artean, Paristik Hendaiara zetorren trena miatzeko, badaezpada.
Miarritzeko (Lapurdi) kasinoan, Angeluko (Lapurdi) VVF turistentzako opor zentroan, eta Bidarraiko (Nafarroa Beherea) Ostape luxuzko hotelean -Alain Ducasse sukaldari ezagunarena da- ere bonba mehatxuak jaso dituzte, baina Frantziako Polizia inguruak arakatzen aritu den arren ez dute ezer aurkitu.
Nolanahi ere, gune horiek guztiak hustu egin dituzte, badaezpada. Goizeko lau eta erdiak aldera jaso dituzte bonben berri ematen zuten deiak Paueko suhiltzaileek, eta mila eta berrehunlagun inguru esnatu eta egoitzetatik atera behar izan dituzte. 150 polizia eta suhiltzaile aritu dira gune horiek hustutzen eta bonben bila.
Euskal Herria
Hiru lehergailu aurkitu dituzte Lapurdin
Beste hiru abisu ere izan dira, horietako bat Nafarroa Beherean, eta Frantziako Polizia bila ibili den arren ez dute ezer aurkitu. Dagoeneko bertan behera utzi dute bilaketa. Turismo guneak eta AHTren trenbidea izan dira mehatxuen jomuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu