AAM-en kontrako epaiketa

Hiru lekukok diote AAMetako auzipetuei buruzko deklarazioak "torturapean" egin zituztela

Ibon Aranaldek, Susana Atxaerandik eta Jorge Olaizek lekuko gisa deklaratu dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduen kontrako epaiketako bigarren jardunaldian.

2008ko apirilaren 28a
17:06
Entzun
Ibon Aranaldek, Susana Atxaerandik eta Jorge Olaizek deklaratu dute gaur Amnistiaren Aldeko Mugimenduen (AMM) kontrako epaiketan, lekuko bezala, eta bere garaian atxilotu zituztenean Poliziari AMMetako jendearen izena eman zietenean, horiek "torturapean" eman zituela adierazi dute.

Aranalde eta Atxaerandi preso ohiek, Olaiz presoak eta bi guardia zibilek deklaratu dute gaur, Madrilen Espainiako Auzitegi Nazionalean, epaiketako bigarren jardunaldian. Denak ere Carlos Bautista fiskalak eta AVT herri akusazioak proposatu zituzten lekuko izatea.

Esate baterako, Julen Zelarain AMMetako auzipetua ez duela ezagutzen esan du gaur Aranaldek. Olaizek adierazi du gezurra dela Josu Beaumont auzipetuak ETAn sartzeko gutuna eman zionik. Atxaerandik aipatu du, "torturak" zirela-eta, Guardia Zibilak nahi zuen deklarazioa egin zuela -Maite Diaz de Herediak Amnistiaren Aldeko Batzordeetan ardurak al zituen galdetu zioten, besteak beste-...

"Bereziki azpimarragarria izan da Susanaren testigantza; jazarpen sexualak, elektrodoak eta boltsa jasan zituela salatu du, besteak beste", dio Askatasunak. Guardia zibilek bionboaren atzetik adierazi dute atxilotuen deklarazioa "presiorik gabea" izan zela eta mediku forentseak ere ikusi zituela.

Bihar segituko du epaiketak. Lau guardia zibilek deklaratuko dute, lekuko gisa, Fiskaltzak deituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.