25 eta 41 urte bitarteko hiru gizonezko atxilotu ditu azken orduetan Ertzaintzak, genero indarkeriari lotutako delituak egitea leporatuta.
Atzo goizean hartu zuten atxilo gizon bat, Gernikan. Goizeko hamarrak aldera, ertzainek ikusi zuten gizon bat andre bat autoan indarrez sartzen saiatzen ari zela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, gizonak jarrera oldarkorra izan zuen ertzainekin, eta haien aurrean irain eta mehatxu egin zion emakumeari. Ustezko erasotzaileak 25 urte ditu.
Sestaon, atzo arratsaldeko seiak aldera atzeman zuten 41 urteko gizonezko bat. Bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua urratu izanagatik hartu zuten atxilo.
Bart goizaldean atxilotu dute beste gizon bat, Bilbon. 01:45 aldera, poliziek gizon bat ikusi dute bikotekidea jotzen. Atzeman egin dute. 32 urte ditu gizonak.