Abiadura handiko trenaren aurkako ekintza bat egin dute gaur goizean Mugitu mugimenduko hiru kidek. Azaldu dutenez, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren eraikinaren balkoira sartu dira eskailera baten bidez, eta bertan kateatu dira.
Mugimenduko kideek jakinarazi dutenez, Espainiako Polizia Nazionala, Guardia Zibila, Udaltzaingoa eta Foruzaingoa joan dira hara, eta hiru kideak atxilotu dituzte. Gainera, nabarmendu dute identifikatu egin dituztela kalean ekintza babesten ari zirenak.
Ekintzaren antolatzaileek AHTaren inguruko azalpenak eskatu dituzte ohar bidez. Esan dutenez, AHTaren Nafarroako bi azpizati geratu dituzte –Erriberri-Tafalla eta Tafalla-Tafalla–, eta horri buruzko azalpenak nahi dituzte: «Gobernu zentralak argitu behar du lanen geldialdia egungo egoera ekonomikoaren ondorio den, edo Airef (Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea) erakundeak emandako jarraibideen ondorio den». Mugimenduaren esanetan, erakunde horrek gomendatu du amaitu gabe dauden AHTaren obrak gelditzeko, errentagarritasun sozioekonomikorik ez duelako edo hori «minimoa» delako. Gainera, jakin nahi dute geldialdiak zenbat iraungo duen, baita martxan dauden beste bi azpizatiekin eta Nafarroako korridorearekin zer gertatuko den ere.
AHTaren bi azpizati geratu izana «albiste ona» da mugimenduaren iritziz, eta gaurko ekintzaren bidez, beste biak ere geratzeko eskatu dute, baita Euskal Herrian AHTaren obrekin ez jarraitzeko ere. «Euskal Herriko inoizko proiekturik suntsitzaileena, xahutzaileena, antisozialena, ustelena eta antidemokratikoena iragana izatea nahi dugu».
Elorrion, ikerketa
Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du AHTaren obretako makina bat erre delako Elorrion (Bizkaia). Atzo goizean gertatu zen sutea, eta Ertzaintzak ziurtatu du hipotesi guztiak zabalik dauzkatela.