Gertatutakoari buruzko "informazio nahasi eta kontrajarria" heldu zaiela salatu du Maite Gonzalez APM sindikatuko kideak. Sindikatuek salatu dute Ignacio Polo Hiri Segurtasunerako zinegotziaren auziak bide administriboa hartu izana, eta ez penala, "delitu zantzu argiak" egon arren. Haien ustez, ikertu egin beharko da auziaren instrukzio fasean parte hartu zuten polizien ardura ote den horren arrazoia, eta Simon Santamaria Iruñeko udaltzainburua jarri dute jopuntuan.
Horrelako auziek Iruñeko udaltzainen jardunbide profesionala "kolokan" jar dezaketela uste du. Gainera, Gonzalezek adierazi du hiritarren artean "informazioa ezkutatzen ari den sentsazioa" zabaltzen ari dela; baita Polori "tratu mesedegarria" eman zaiola ere.
PPk salbu, udaleko oposizioak bat egin du Poloren kasuan zabaldutako espedientea ikertzeko, eta tratu mesedegarria egon den aztertzeko eskatu dute.