Indarkeria matxista

Hiru sexu eraso salatu dituzte Baionako bestetan

Erasotzaile bat jada kontrol judizialpean dago. Beste eraso bat ikertzen ari da Polizia. Talde feministek oroitarazi dute salaketarik gabeko eraso ugari gertatzen dela. Baionako bestak uztailaren 24tik 28ra iragan dira.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Baionako bestetan, igandez. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko uztailaren 31
07:11
Entzun

Lehen erasoa asteazkenean gertatu zen, irekitze egunean. Emakumea ospitalean egon da "alkohol kontsumoagatik", prokuradoreak esplikatu duenez, eta bertako langileei eraso bat jasan zuela adierazi zien neskak. Prokuradorea inkesta bat abiaraztekotan zen, baina biktimak ez du salaketarik jarri nahi izan. Dirudienez, Maina harrera eta prebentzio guneak salatu zuen erasoarekin lotuta dago. 16 urteko neska batek hunkituak jasan zituen mutil talde batek inguratu zuelarik, baina ihes egitea lortu zuen.

Bigarren erasoa Aturri ibaiko kaia batean zegoen karabana batean gertatu da. Emakumea lo zegoela, bortxatu egin zuen gizon batek. Bertan zeuden lagunek mutila atxikitzea lortu zuten Polizia heldu arte. Biktimak salaketa jarri du; Vuelta Simonen hitzetan, "akusatua epailearen aitzinetik pasatu da, eta oraingoz kontrol judizialpean dago".

Larunbatean ere gertatu zen eraso bat: emakumeak hunkitu eta bortxaketa saiakera salatu ditu. Karrikan eraso zioten bi gizonek. Ihes egitea lortu eta hortik egun batzuetara Akizeko (Okzitania) polizia etxean ezarri du salaketa. Prokuradoreak ikerketa egiten ari direla erran du, eta "segurtasun kamerei esker" erasotzaileak "identifikatuko" direla espero du.

Besten azken egunean egin zuten indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea zenbait elkarte feministak, Zutik-ek, PAF-ek Eta Aitzinako Talde Feministak besteak beste. Amaia Fontang Zutik-eko kideak argi du: "Salatuak izan ala ez, urtero bezala erasoak gertatu dira aurten; gehienak, gainera, ez dira salatuak". Instituzioek egin dituzten "aurrerapauso xumeak" nabarmendu ditu, baita elkarte batzuek eramandako lana ere.

Maina dispositiboa egon da bost egun horietan; prebentzioa eta harrera izan dituzte erronka nagusi bertako laguntzaile eta profesionalek. Horrez gain, PAF elkarte feministak protokolo bat martxan ezarri du hainbat ostatutan. Jean Rene Etxegaraik "talde horiekin eta Maina dispositiboarekin lanean segitzea baitezpadakoa" ikusten du. Hala ere, "erasoen kopuruak behera egin" duela azpimarratu du, eta, haren ustez, aurtengo "segurtasun neurri bereziekin" lotua da. Iaz bezala, aurtengo bestazaleek ostiraletik aurrera 8 euro ordaindu behar izan dizute. Horrek "kontrol efikazak egitea" ahalbidetu du, suprefetaren ustez. "Delinkuentziak behera egin du, eta giro orokorra oso lasaia" izan da, haren hitzetan.

Prokuradoreak nabarmendu du salaketa guztiak ez direla oraindik iritsi eta datozen egunetan afera batzuk gehi daitezkeela. Baionako Herriko Etxeak eta Maina guneak ez dute oraindik prebentzio eta harrera dispositiboari buruzko bilanik egin elkarrekin; irailerako finkatua dute bilera.

Bestalde, Aireko eta Mugetako Poliziak Hendaiako (Lapurdi) geltokian kontrolak areagotu ditu besten denboran: hamazazpi pertsonari ukatu die Ipar Euskal Herrira sartzeko baimena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.