Grebarekin bat egin ez duten arren, erregaien garestitzeak sortu dizkien arazoak salatzeko mobilizazioak egiten ari dira egunotan Hiru Euskal Herriko Garraiolarien Sindikatuko kideak. Hain zuzen ere, Nafarroara jo dute gaur, Imarkoainera, Iruñeko Garraioaren Hirira. Gune hartan elkarretaratzea egiteko asmoa zuten.
Foruzaingoak, ordea, galarazi egin die. Berriobeiti inguruan gerarazi ditu protestan parte hartzera zihoazen ehun bat kamioi, eta gidariak banan bana identifikatzen hasi da. Halaber, bi aukera eman dizkiete garraiolariei: "etxera itzultzea edo polizia etxera joatea". Hori entzunda, atzera egitea erabaki dute garraiolariek.
Hiru sindikatuko ordezkari Estitxu Ugartek BERRIA.INFOri agertu dionez, gerarazi dituztenean kamioiak ondo zihoazen bidean, martxa normalean eta trafikoa oztopatu gabe. Ondorioz, foruzainek ez dutela haiek gerarazteko inolako arrazoirik salatu du. Hego Euskal Herri guztiko kamioilariak ari dira protesta horretan parte hartzen, eta Sakanan elkartu dira ehun bat kamioi Imarkoainera elkarrekin joateko.
Foruzainen abisua jasotan,Etxarrenen batzarra egin dute, eta elkarretaratzea Imarkoainen ordez Eginon (Araba) egitea erabaki dute.
Gainerakoan, Sintrabi, Guitrans, Tradisna, Arabako Garraiolarien Elkartea eta Egas sindikatuek grebarekin aurrera jarraitzen dute. Atzo piketeek itxita zeukaten Biriatuko (Lapurdi) A-63 eta A-8 autopisten arteko pasabidea irekiarazi zuten Frantziako Poliziak eta Ertzaintzak, osterantzean indarra erabiltzeko mehatxu eginez.
Dena den, gaur goizean ere auto ilarak sortu dira Biriatuko ordainleku inguruan, 8 kilometro ingurukoak, Lapurditik Gipuzkoarako noranzkoan. Gaur, ordea, kamioilariek barik errepidean egiten ari diren lanek eragin dituzte ilara horiek.
Garraiolaren mobilizazioak
Hiru sindikatuko garraiolarien protesta galarazi du Foruzaingoak
Ehun bat kamioi gerarazi ditu Berriobeitin, eta aurrera segituz gero atxilotu egingo zituztela esan diete gidariei. Imarkoainera zihoazen, Iruñeko Garraioaren Hirira, protesta egitera. Azkenean elkarretaratzea Eginon (Araba) egitea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu