Aldebakartasunetik eman zuen behin betiko su-etena ETAk, eta, egun Espainiako eta Frantziako gobernuek elkarrizketei uko egin badiote ere, bake eta normalizaziorako bidean pausoak eman dituzte, besteak beste, eragile sozialek, ETAk, presoek eta iheslariek.
2011ko urriaren 20az geroztik, armagabetzeko lehen urratsak egin ditu ETAk, erakunde armatuak eragindako biktimekiko jarreraz autokritika egin du ezker abertzaleak Konponbide haizea dabil agirian, sorterrira itzultzeko pausoak eman dituzte iheslariek eta etxeratze bidean Espainiako legeria onartu dute euskal presoek.
Lokarri izan da baketze prozesuan zehar eragin duenetako bat. Erakunde horrek urriaren 9an iragarri zuen desegin egingo dela martxoan, bere zeregina amaitutzat jota. Hain zuzen Lokarrik antolatuta, bake prozesuaren gaineko analisia egingo dute hurrengo ostegunean, hilak 23, Donostiako Aquariumean, 19:00etan. Hizlarien artean izango da Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldearen ordezkaria.
Horrekin batera, Bake Bideak eta Lokarrik —bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialaren sustatzaileek—, ekainean egindako jardunaldiaren ondorioak ezagutzera emango dituzte.