Hiru urteko espetxealdia ezarri diote Tafallan senarra hil zuen andreari

Pilar Marcos ez dute espetxeratuko oraingoz, familiaren indultu eskaria aztertu egin behar dutelako

Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Maria Pilar Marcos Rubiori hiru urteko kartzela zigorra jarri dio Nafarroako Auzitegiak, Tafallan (Nafarroa) senarra hiltzeagatik. Hiru urteko zigorra ezarri badiote ere, haren defentsak urtebeterako «barkamen partziala» eskatuko du, eta, hori onartuko balitzaio, Rubiok ez luke kartzelara joan beharko.

2010ean emakumea absolbitu egin zuen zinpeko epaimahaiak. Epaimahai horren arabera, emakumeak hil zuen gizona, baina ezin zen frogatu «istripuz, eztabaidan edo nahita» hil zuen. Epai hura, ordea, baliogabetu egin zuen gero Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Oraingoan auzitegiak hiru urteko zigorra ezarri dio, fiskalak eta defentsak egindako akordioa aintzat hartuta. Bere buruaren defentsan hil zuela-eta salbuetsi dute emakumea, partzialki, hilketaren arduraz. Aldi berean, egindakoa aitortu izanaren eta egindako kaltea konpondu izanaren aringarriak onartu dituzte.

Epaiketan akusatuak epaiketan adierazi zuen 44 urtean jasan zituela senarraren tratu txarrak, eta bere burua babesteko egin ziola eraso senarrari. 2009ko azaroaren 2an hil zen Jose Antonio Gil Silva haren senarra, bularrean labana sartuta.

Hiru urteko zigorra ezarri badiote ere, emakumearen familiak indultua eskatuko du, hiru urteko zigorra bi urtera jaisteko. Hori erabaki bitartean, Marcosek ez du espetxera joan behar izango, auzitegiak erabaki duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.