Gizon batek hiru urteko kartzela zigorra onartu du, iazko ekainean 14 urteko mutil bati sexu eraso bat egiteagatik, Ordizian (Gipuzkoa). Gaur epaitu dute, Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalean. Zigortuak ezingo du mutilarengana hurbildu edo harekin harremanetan jarri zazpi urtean. Gainera, espetxetik ateratakoan, sei urte egingo ditu zaintzapean. 720 euroko isuna ordaindu beharko du, eta 5.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio gazteari.
Fiskaltzak ia bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen, adingabeari ukituak egiteagatik, argazki pornografikoak bidaltzeagatik eta harekin geratzen saiatzeagatik, sexu eraso bat egiteko. Hiru delitugatik zigortu dute: adingabe bati sexu eraso bat egiteagatik; adingabe bati ziberjazarpena egiteagatik; eta adingabeen artean material pornografikoa zabaltzeagatik.
Fiskaltzaren arabera, zigortua adingabearengana hurbildu zen, iazko ekainaren 17ko arratsaldean, Ordiziako tren geltokiaren inguruan. Mutilak telefono zenbakia ematea lortu zuen. Gizona mutilari ukituak egiten hasi zen. Sexu proposamenak egin zizkion, eta genitalak ere ukitzen saiatu zen, baina mutilak eskuak jarri zituen babesteko. Egun berean, arratsaldean, gizona mutilarekin harremanetan jarri zen Whatsapp bidez, eta gauean elkar ikustea proposatu zion, sexu harremanak izateko. Gizonak bere argazki bat ere bidali zion, galtzak jaitsita ageri zena, «asmo lizunekin eta adingabearen adina jakinda».
Mutilaren amak gertatuaren berri eman zion Ertzaintzari, eta ertzainek, adingabearen plantak egiten, zigortuak hasitako elkarrizketari jarraitu zioten. Hitzordua jarri zuten gau horretan bertan. Zigortua agertu zenean, atxilotu egin zuten.