Bizkaiko Auzitegiak hiru urteko espetxe zigorra berretsi du Bilboko ama batentzat. Agintaritzaren kontrako atentatua, kalte fisikoak eragitea eta mehatxuak egitea leporatzen diote, Txurdinaga auzoko ikastetxe batean irakasle bat jotzeagatik. Erasoa duela hiru urte gertatu zen, eta auzi harengatik hiru urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion auzitegiak, iazko urrian. Defentsak helegite bat jarri zuen orduan, epaiaren aurka. Auzitegiak orain eman du azken erabakiaren berri. Azkenean, zigorra hiru hilabetetan murriztu arren, kartzelara joan beharko du akusatuak. Horrez gain, 5.089 euroko kalte-ordaina eman beharko dio irakasle kaltetuari.
2009ko otsailaren 4an gertatu zen gorabehera Txurdinagako ikastetxe batean. Egun hartan, hiru urte eta sei urte arteko hainbat ume jolastokian zebiltzan. Tartean, zigortu duten emakumearen alaba. Ama jolastokira sartu zen, eta haurrari txokolatezko arrautza bat ematen saiatu zen. Orduan, irakasleak gurasoari jakinarazi zion ezin zela han egon, ezta haurrari janaria eman ere, alergiaren bat duten haurrei arazorik ez sortzeko. Emakumeak ez zionez kasurik egin, ordea,kargu hartu zion berriro irakasleak. Gurasoak kolpe bat emanez erantzun zion. Iletik tira egin zion, eta ostikoak eta muturrekoak eman, mehatxuak egiten zizkion bitartean. Erasoak hezurretako lesioak eragin zizkion irakasleari, eta lanera joan gabe egon zen bi hilabetez. Egun, hatz bat mindua du oraindik, baita kokzixa ere.
Irakaslea, aginte publiko
Epaiaren arabera, irakasleak lanerako arropa jantzia zuen erasoaren momentuan; eta irakasle bat zela erraz ondoriozta zitekeen. Hori dela eta, agintaritzaren aurkako atentatua egotzi dio epaileak akusatuari. Irakasle bat jotzeagatik herritar bat zigortzen duten lehen aldia da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Marisol Esteban Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea «pozik» agertu da irakasle bati eraso zion herritarrari hiru urteko zigorra ezartzeagatik: «Hezkuntzan, osasun alorrean eta zerbitzu sozialetan diharduten langile publikoak ere aginte publikoak dira; ez segurtasun indarretako langileak bakarrik».
Hiru urteko zigorra, irakasle bat jotzeagatik
Bizkaiko Auzitegiak ama bat zigortu du, 2009an Bilboko ikastetxe batean irakasle bat jotzegatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu