Elena Torres Nafarroako Parlamentuko presidenteak hirugarren bilera saila egin du alderdiekin gaur goizean, Gobernurako lehendarikagairik baden ikusteko, baina berriz ere ez da inor aurkeztu hautagai.
Abuztuaren 18a baino lehen lehendakari izateko hautagairik ez balego, foru hauteskunde berriak antolatuko lituzkete.
Fernando Puras PSNren parlamentarioak gaur berriz ere uko egin dio lehendakari izateko hautagai aurkezteari, atzo Nafarroa Bairekin negoziazioak hautsi eta Parlamentuko alderdi denek gobernu "integratzailea" sortzeko bere proposamena baztertu ondotik "nahikoa babes ez" duelako. Orain "proposamenak entzuteko prest" dagoela esan du Purasek, "hauteskunde berriak saihesteko".
Miguel Sanz UPNren buruarekin atzotik bilera bat egin duela aitortu du Purasek, "baina ez da hori ezeren abiapuntu". Bestelakoa esan du Sanzek: "Iruditzen zait Puras UPNrekin akordioa lortzeko aldeko jarreran dagoela". Bi alderdien artean koalizio gobernua sortzeko aukeraz mintzatu da Sanz edo, hori lortu ezean, PSNk UPNri gobernu kanpotik babesa emango liokeen akordioaz.
Sanzek ere ez du aurkeztu bere hautagaitza gaur -NaBai, CDN eta NEBeko buruek ere ez- baina Torresek hautagai izateko proposamena egingo balio eta hiru egunera egingo balitz inbestidura saioa, "hiru egun horietatik bi sobran" lituzkeela adierazi du, "akordio bat lortzeko".
Juan Cruz Alli CDNren buruak kritikatu egin du PSNren jokabidea, "irizi publikoarekin jokatzen aritu delako eta erakundeen erabilera alderdikoia egin duelako". Orain "bi aukera" ikusten ditu hark: "UPNren eta PSNren gobernua, CDN eta NEB ere sartuta, edo UPNren gobernua gutxiengoan, PSNren abstentzioarekin".
Jose Miguel Nuin NEBen buruzagiak abisatu du hauteskunde berriak egitea eskatuko lukeela, "baldin eta PSNk UPNren gobernua ahalbidetzen badu; izan ere, gehiengo sozialak aldaketaren alde bozkatu zuen baina PSNk kasu horretan berriz ere iruzur egingo luke".
PSOE UPNri "gauzak erraztearen alde" azaldu da
Atzo PSNren eta Nafarroa Bairen arteko negoziazioak hautsi eta gero, Jose Blanco PSOEren Antolakuntza idazkariak gaur esan du bere alderdia UPNri "gauzak erraztearen alde" dagoela Nafarroako Gobernua osatzeko, "betiere bi alderdiek euren interesak gainditzen badituzte. Hala ere, UPNri dagokio orain hitz egitea".
NaBairekin negoziazioak apurtzearen erabakia PSNk eta PSOEk elkarrekin hartutako erabakia dela adierazi du Blancok, Onda Ceron egin dioten elkarrizketan. "Elkarrekin egindako gogoeta izan da". PSNk orain Parlamentuko alderdi denei Gobernua osatzeko proposamena egin die eta horrek, Blancoren ustez, "liskarraren aro politikoa gainditu" nahi dela erakusten du.
Nafarroa
Hirugarren bilera sailean ere lehendakari izateko hautagairik ez Nafarroan
Purasek uko egin dio aurkezteari, "nahikoa babes ez" duelako. PSNk "gobernu integratzailea" sortzeko egindako proposamena baztertu egin dute Parlamentuko alderdi denek. Sanzek dio Torresek lehendakarigai izateko proposamena egingo balio, egun batetik bestera lortuko lukeela "akordio bat", eta sozialistak jarrera horrekin ikusten dituela uste du. Abuztuaren 18a baino lehen hautagairik ez balego, hauteskunde berriak antolatuko lituzkete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu