Koronabirusaren kontrako txertoaren immunitatea sendotzeko asmoz, hirugarren ziztada hartzeko bidea ireki zuen Frantziako Gobernuak, eta horretarako onespena eman dio Frantziako Osasun Aginte Gorenak: 65 urtetik gorakoei eta herritar zaurgarriei hirugarren dosia hartzea gomendatu die. Bada, egutegia zehaztu du Frantziako Gobernuak, Jean Castex lehen ministroak jakitera eman duenez. Irailaren 13tik aitzina zahar etxeetako egoiliarrek aukera izango dute hirugarren ziztada hartzeko. EMA Sendagaien Europako Agentziak, berriz, atzo erran zuen «ez dagoela argi» hirugarren dosia beharrezkoa ote den, eta noiz.
Castexek gehitu du 65 urtetik gorakoek eta herritar zaurgarriek irail hasieratik hartzen ahalko dutela hirugarren dosia hartzeko ordua, baina oraindik ez du zehaztu noiztik aurrera jarriko dieten.
Osasun langileen derrigorrezko txertaketaren harira, honela mintzatu da Castex: «Ez dugu atzera eginen. Txertorik hartu ez duten osasun langileak zigortuko ditugu». Izan ere, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak onartu zuen Frantziako Gobernuaren neurria: txertoa hartzen ez badute, osasun langileek ez dute lansaririk jasoko, eta kontratua behin-behinean etenen zaie. Irailaren 15era arte izanen dute lehen dosia hartzeko, eta, pauta osoa berantenez urriaren 15erako bukatu beharko dute.