Frantziako Gobernuko agintariek Defentsa Kontseilua egin dute goizean, Emmanuel Macron presidentearekin. Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak adierazi du COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosia jartzeko kanpaina abiatuko dutela. Agorrilaren bukaeratik aitzina, herritar zaurgarrienek ordua hartzen ahalko dute hirugarren ziztada hartzeko, eta irailaren erditsutik aitzina hasiko dira dosia jartzen. Frantziako Osasun Aginte Gorenak datozen egunetan zehaztekoa du lehentasuna izanen duten pertsona zaurgarrien zerrenda. Oraingoz, gainerako herritarrei ez diete aukerarik ireki hirugarren dosia jartzeko.
Alta, COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosia jartzeko urratsetan atzera egiteko eskatu du OME Osasunaren Mundu Erakundeak. OMEren arabera, hirugarren dosirako bidean dauden herrialdeetan jende ugari txertatuta badago ere, txertatutakoen ehunekoa oso apala da beste herrialde batzuetan, eta toki horietako txertaketa planak bultzatu behar dira aurrena.
Probak, ordainpeko
Gainera, gaitzaren oldarraldiari aurre egiteko, Frantziako Gobernuak neurriak zorroztu ditu 200dik gorako intzidentzia tasa duten departamenduetan, eta departamendu horietako prefetek zehaztu beharko dituzte erabakiak ondoko egunetan. Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan, beraz, osasun ziurtagiriaren erabilera are gehiago hedatuko dute: 20.000 metro karratu baino gehiagoko merkataritza guneetan beharrezkoa izanen da. Bi merkataritza gunek dute tamaina hori, Lapurdin: Angeluko BAB2k, eta Baionako Ametzondo guneak. Gainera, ziurtagiria erakutsi behar den lekuetan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanen da, barnealdean.
Bestalde, Macronek uztailean iragarri zuen udazkenetik goiti herritarrek ordaindu egin beharko zituztela PCR eta antigeno probak. Bada, data zehaztu du Frantziako Gobernuak: urriaren 15etik hasita, medikuaren agiririk gabe egindako probak ordainpekoak izanen dira Ipar Euskal Herrian. Orain arte, urririk egiten ahal ziren, farmazietan eta laborategietan.