Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak aurtengo aurrematrikulaziari buruzko datu ofizialak ezagutzera eman zituen atzo. Datu horien arabera, 5.619 ikasle berrik eman dute izena Nafarroako hezkuntza sisteman; hau da, iaz baino %1,77 gehiagok. Ikasle gehienek sare publikoan eman dute izena, ia %58k.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak plazaratu duenez, 3.308 ikaslek eman dute izena eskola publikoan. Gehienek D ereduaren aldeko hautua egin dute, 1.184 ikaslek alegia. 990 ikaslek G ereduan eman dute izena, 1.066k A ereduan eta 68k I ereduan.Asteon bertan Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteko buru Iñaki Anduezak «pozgarritzat» eman ditu aurrematrikulazio datuak, D ereduari dagokionez. Hark ezagutzera emandako datuen arabera 1.186 ikasle berrik eman dute aurten izena Nafarroako D ereduan.Nafarroako Gobernuak eta Anduezak emandako datuak ia bat datoz; aldea nabarmenagoa da ikastolei dagokienez; Nafarroako Ikastolen Elkarteak asteon emandako datuen arabera, Nafarroako ikastolek 519 ikasle berri lortu dituzte aurtengo aurrematrikulazio kanpainan. Nafarroako Gobernuak ezagutzera emandako datuen arabera, ordea, nabarmen gutxiago dira ikastoletan izena eman duten ikasleak: 458, alegia.Izan ere, urtero hainbat ikastolatako matrikulazio datuak Nafarroako Gobernuak egiten duen zenbaketatik kanpo gelditzen dira, haien egoera dela-eta administrazioak ez dituelako aintzat hartzen.Edonola ere, Nafarroako Gobernuak plazaratutako datuek ere agerian uzten dute aurten euskarazko irakaskuntzak izan duen igoera nabarmena, bai sare publikoan, bai eta ikastoletan ere.Gorakada horren adibide da Iruñeko Arrotxapea auzoko Patxi Larrainzar ikastetxea. Orain arte euskarazko bi lerro zituen ikastetxe horrek, baina lortutako 88 ikasle berriek lau zabaltzeko aukera ematen dute. Nafarroako Gobernuak azaldu du hirugarren gela zabalduko duela Patxi Larrainzarren euskaraz.Auzo bereko Cardenal Ilundain ikastetxean ere hirugarren gela zabalduko du Nafarroako Gobernuak hiru urteko haurrentzat, ingelesezko eta gaztelaniazko I ereduan izena eman duten neska-mutilentzat.
HEZKUNTZA
Hirugarren gela zabalduko dute euskaraz Arrotxapeko eskolan
Nafarroako Gobernuak aurrematrikulazio datu ofizialak plazaratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu