Jaurlaritzaren Estatutu Proposamena

Hirukoak adostasunik erdietsi gabe amaitu da Ibarretxeren Planaren artikulatuaren azterketa

Jaurlaritzaren Estatutu Proposamena eztabaidatzeko Eusko Legebiltzarreko lan-taldeak gaur amaitu du testuaren artikulatuari aurkeztutako zuzenketen azterketa. Hala ere, Jaurlaritzako Hirukoko alderdiek ez dute desadostasunak dituzten puntuetan jarrera hurbiltzea lortu. EBk proposamenaren testua bultzatzen lagundu zuen Jaurlaritza barrutik, baina gero artikuluak adina zuzenketa aurkeztu zituen. Lan-taldeko eztabaidan EB ez da beste bi kideen (EAJren eta EAren) jarreretara hurbildu. Gainera, egoera ez dela itxaropentsua esan du EBko Oskar Matutek.

2004ko azaroaren 25a
16:48
Entzun
"Egoera ez da itxaropentsua, ezerk ez baitu adierazten jarrerak gehiago hurbil daitezkeenik", adierazi du Matutek. Ildo horretatik, EBk Eusko Legebiltzarrean Ibarretxeren Planari baiezkoa emango dionetz ez du argitu, eta hori alderdiko Kontseilu Politikoak erabaki behar duela azpimarratu du. Dena den, garbi agertu du lan-taldeko eztabaida ez doala EBk nahiko lukeen bidetik: "[lan-taldeko eztabaidatik] atera daitekeen proposamena ez doa atxikimendu libreko federalismora bideratuta", zehaztu du.

Naziotasun eta herritartasunari buruzko kontzeptuetan zein Gizarte Segurantzaren eta Botere Judizialaren inguruko proposamenetan ditu desadostasun handienak EBk EAJrekin eta EArekin.

Datorren astean hitzaurrea

Datorren asteko bileran, abenduaren 1ekoan, Estatutu Proposamenaren hitzaurrea eta xedapen gehigarriak eztabaidatuko ditu lan-taldeak. Hain zuzen ere, SA Sozialista Abertzaleak taldeak behin baino gehiagotan adierazi du hitzaurreraren inguruan (autodeterminazio eskubidea atal horretan aipaten da) Ibarretxeren Gobernuarekin akordioa lortzeko prest dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.