Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru biztanletik bik pentsatzen dute osasungintza publikoko inbertsioa ez dela «inondik ere nahikoa», eta, gehiengoaren iritziz, osasun pribatuak baino garapen okerragoa izan du azken urteotan. Nolanahi ere, gehienek uste dute sistema bideragarria izango dela etorkizunean, eta %14k bakarrik kontratatuko luke aseguru pribatu bat osasungintza publikoak hobera egingo ez balu.
CCOO sindikatuak egin duen ikerketa baten ondorioetako batzuk dira horiek. Oro har, hiru herrialdeetako biztanleen iritziz, «osasun sistema ona» dute, nahiz eta azken hogei urteotan ez duen arlo pribatuak adina aurrera egin. Inkestan parte hartu dutenen arabera, etorkizunean ere osasungintza pribatua baino okerrago garatuko da publikoa, baina herritarren erdiek ez lukete aseguru pribatua kontratatuko. % 14k badute dagoeneko aseguru pribatua, eta beste %14k kontratatuko luke osasungintza publikoak hobera egingo ez balu. %97, berriz, «osasungintzako hitzarmen handi» baten alde leudeke.
Txostenaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen osasunak hobera egin du azkeneko urteetan, «baina hori lortzeko kostua gero eta handiagoa da». CCOOren iritziz, Osakidetzak «sistema berriz diseinatu» beharra dago, eta gizarte zerbitzuetan ere «inbertsio handiak» egin beharrak daude. Sindikatuak kezkagarritzat jo ditu Osakidetzako «murrizketak egin izana eta inbertsioak jaistea». Adierazi du inbertsioa %0,65 gutxitu dela 2010. urtetik.
Langile gehiago
Ezker Batuak Osakidetzako pertsonala indartzeko eta funtzionarioak kontratatzea galarazten duen neurria kentzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Mikel Aranaren iritziz, «agerikoa da osasun publikoan eskaera igo egin dela», eta, ondorioz, herritarrei harrera egiten dieten profesionalen kopurua indartu egin behar dela uste du. Aranaren iritziz, zerbitzu publikoen eskaria handituz gero, «ezin dira langileak kendu».
Hirutik bik gutxi deritzo osasungintza publikoko inbertsioari
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar gehienek uste dute osasungintzaren aldeko hitzarmena behar dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu