Urriaren 12a jaieguna da Espainiako egutegian: Hispanitate Eguna. Azken urteetan, Espainia goratzeko egun horretan «ospatzeko ezer ez» dagoela argudiatuta, ospakizun horren aurkako hainbat protesta egin dira Euskal Herrian. Aurten, «mezu positiboa» ematea erabaki du Independentistak sareak. Urriaren 12a ospatzea, baina ez Hispanitate Eguna delako, independentziaren aldeko ospakizun gisa baizik. Mezua irauli, eta herrien independentziaren eguna ospatuko dute, Hego Amerikako herriek independentzia lortu zuteneko 200. urteurrena betetzen denean. Iruñean egingo dute ospakizuna asteartean, 17:00etan Golem zinemetatik abiatuko den «martxa berdean». Bertaratu, eta berdez jantzita parte hartzeko deia luzatu diete antolatzaileek independentista guztiei.
Hispanitateak Hego Amerikako herri horiei ere urte luzeetan zapalkuntza ekarri zietela ohartarazi dute Alex Marañon eta Ana Arbulu Independentistak sareko kideek; kultura eta etniak desagerraraztera bideratu zutela zapalkuntza han. Herri horiek, duela 200 urte askatasuna lortu zutela ospatuko dute aurten, eta horiekin bat egin nahi dute Independentistek. «Gu ere mugitzen ari gara egunen batean gure independentzia ospatu ahal izateko», esan du Arbuluk, etziko ospakizuna iragartzeko Bilboko Plaza Berrian egindako agerraldian.
Hego Amerikara begira jarri dira, hortaz, eta protagonismo berezia emango diete hango herritarrei Iruñeko martxan. Independentzia! lelo bakartzat izango duen pankartari Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako jatorria duten euskal herritarrek eutsiko diote, ekimenaren sustatzaileekin batera.
Simon Bolivarren omenez
Simon Bolibarren irudia ere presente egongo da. «Euskal jatorriko amerikarra izanik, berak eta berekin Espainiaren inposizioaren aurka altxatu eta iraultza egin zutenen aldeko omenaldia egin nahi dugu», azaldu du Marañonek. Horretarako, Bolivar irudikatzen duen txotxongilo itxurako panpina handi bat eramango dute martxaren buruan.
Hego Amerika eta Euskal Herria uztartuko ditu musikak ere. Bull DJak bi herrietako doinuak jarriko ditu horretarako espresuki prestatutako kamioitik. Eta izango dira doinu horiekin dantzan arituko direnak ere. Dantza taldeak nor bere herrikoen doinuan dantzatuko dira martxan zehar, jai giroan murgildu nahi dute herritarrekin batera.
Hori guzti hori, berdez jantzita egitea nahi dute antolatzaileek. Sareak, berdea hautatua du independentziaren aldeko aldarriaren ikur gisa. Eta «olatu berdea» herritarrek agerian uztea nahi dute. Hortaz, astearteko martxara esperantza adierazten duen kolore berdea eramateko eskatu die Arbuluk «kolore politiko guztietako» independentistei: «zapi, oihal, euritako, jaka zein elastiko berdeak bilatzeko deia egiten diegu, guztiok baitugu zerbait berdea eta Iruñeko kaleak independentziaren aldeko martxa berdea izatea lortu nahi baitugu».
Hain zuzen, esperantza izateko arrazoiak badaudela uste du Marañonek: «Ekimen honek mugarri bat izan nahi du; sarea pixkanaka hedatzen ari da, eta handia izango den zerbaiten atarian gaudela esan dezakegu. Datozen egun edo asteetan emango dugu zehaztapen gehiago».
Bestalde, ezker abertzaleak eta LAB sindikatuak bat egin dute Independentistak sareak etzirako antolatutako martxarekin, ohar banatan adierazi dutenez, eta independentziaren alde Iruñeara joateko eskatu dute.
Hispanitate Eguna independentzia egun gisa ospatuko dute Iruñean
Hego Amerikako herritarrek urriaren 12ko ospakizunei ematen dieten zentzua Euskal Herrira ekarri nahi dute Independentistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu